Burokrazia, eskubideak murrizteko aitzakia

Iruñeko Udalak murriztu egin nahi ditu sektorean aitzindari izandako Harrotu LGTBI gunearen funtzioak. Kattalingorri elkarteak kudeatzen du zerbitzua, eta asmo hori salatu du, karrikan, bertze hamaika kolektiboren babesarekin. Udalak gobernuari egotzi dio ardura, baina INAIk ukatu egin du aldaketak proposatu izana.

Agerraldia. Kattalingorriko kideak hedabideen aurrean agertu ziren abenduaren 16an, egoeraren berri emateko. Bertze hamaika kolektiboren babesa jaso zuten. IÑIGO URIZ / @FOKU.
edurne elizondo
Iruñea
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
«Egoera ez da lehengoa. LGTBI mugimendua anitz ahaldundu da, eta ez da erraza indar hori suntsitzea». Laura Berrok erran zituen hitzok, 2018ko ekainean, Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia zenean. Iazko maiatzeko bozen ostean, udaletik at gelditu zen Berro. Jada ez da zinegotzi, eta udal gobernua Navarra Sumaren esku da —UPN, PP eta Ciudadanos—. Berdintasun eta LGTBI Saila hutsean utzi dute hiriko oraingo agintariek: Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotzia da, eta LGTBI Sailaren arrastorik ez da gelditzen. Ez hori bakarrik: LGTBI kolektiboaren aldeko udal politiken ikur den Harrotu zerbitzua kamustu nahi du Enrique Maia alkateak; itxi ez, baina hankamotz utzi, eskaintzen dituen zerbitzuak murriztuz.

«Aurreko udal gobernuak arlo sozialean egindako urrats guztiak hutsean utzi nahi dituzte oraingo agintariek», salatu du Berrok. Lehengo egoerara itzuli, alegia. Aranzadiko zinegotzi ohiak uste du ez dela erraza izanen LGTBI mugimenduaren indarra suntsitzea, oraindik ere, eta kolektiboak hasi dira jada indar hori karrikan erakusten.

Udalak abenduaren 12an bilera bat egin zuen Harrotuko arduradunekin, zerbitzua moldatzeko zituen asmoen berri emateko. Handik egun gutxira, abenduaren 16an, Kattalingorriko eta bertze hamaika kolektibotako kideek agerraldi bat egin zuten udaletxe aurrean, asmo horiek salatzeko eta Harrotu zerbitzua bere horretan behar dela defendatzeko.

Kattalingorrik kudeatzen du Harrotu. Nafarroako Gobernuak bultzatutako eta LGTBI kolektiboa artatzeko Kattalingune zentroaren ardura ere elkarte horren esku da. Abenduaren 12an egindako bileran, zerbitzua «bikoiztua» dagoela erran zien Iruñeko Udalak Kattalingorriko arduradunei, Harroturen eskumenak murrizteko argudio gisa.

Eskuduntzak

Enrique Maiaren udal gobernuak 2017ko Berdintasunerako legea hartu du egindako urratsen oinarritzat, eta nabarmendu du LGTBI kolektiboko kideak artatzeko zerbitzuak martxan jartzeko eskumena Nafarroako Gobernuarena dela, lege horren arabera. Udalak erran du, zehazki, Nafarroako Gobernuak jakinarazi ziola eskuduntza gehiago hartu nahi dituela, eta hortik datorrela Harroturen zerbitzuak murriztu nahi dituen eredu aldaketa. Nafarroako Gobernuak, baina, ohar baten bidez ukatu egin du hori: «Gobernuak ez du inolako aldaketarik proposatu Kattalingunek eskaintzen duen zerbitzuan; zerbitzu horren barruan daude sexu eta genero aniztasunaren esparruko aholkularitza, sexu aholkularitza eta laguntza juridikoa, Nafarroa osoko herritarrentzat, Iruñekoak barne. Hala da 2016. urtetik».

«Zerbitzua bikoiztuko dela esaten dute, baina, horren inguruko informazioa eskatu, eta ez digute deus eman; Iruñeko Udaleko arduradunek ez digute inolako txostenik erakutsi», erran du Kattalingorri elkarteko kide Ander Iribarrenek. Kezka agertu du Harroturen inguruan udalak har ditzakeen erabakiei dagokienean, eta argi utzi du Harrotuk egun eskaintzen duen «zerbitzu osoa» behar duela hiriak.

Udalak «elkarteentzako espazio» bilakatu nahi du Harrotu, eta arretan, sexu aholkularitzan eta laguntza juridikoan betetzen dituen funtzio nagusiak hutsean utzi. Urtarrilaren 9an egin zuten Iruñeko Udaleko eta Kattalingorriko kideek azken bilera. «Ez digute deus berririk esan. Zerbitzuak bikoizteari buruzko txostena ez dugu jaso oraindik, eta hori behar dugu, auzi horren inguruko erantzuna eman ahal izateko», berretsi du Iribarrenek.

Hilaren 9ko bileran udalak ez zuen inolako eperik zehaztu egin nahi dituen aldaketak martxan jartzeko. Zerbitzuari eraginen liokete, bai eta Harrotun ari diren langileen egoerari ere. Egun, lau pertsona ari dira San Gregorio karrikako bulegoan lanean; zerbitzuak murriztuz gero, langile horietako hiru galduko lituzke zerbitzuak.

2017ko ekainean inauguratu zuten Harrotu, eta 2019ko bukaerakoa da zerbitzu hori kudeatzeko Kattalingorrik udalarekin duen azken kontratua. Urteotako lanak agerian utzi du herritarrek behar duten zerbitzu bat dela Harrotuk ematen duena, eta hori galtzea da Kattalingorriko kideen kezka nagusia, hain zuzen ere.

Baliabideak

«Harrotuk lan ildo ezberdinak ditu, baina denek eragiten diote elkarri; beren osotasunean hartu behar ditugu». Horixe nabarmendu du Iribarrenek, eta, horregatik, argi utzi du lan ildo horietako batzuk bertan behera uzteak zerbitzu osoari eginen liokeela kalte. «Herritarrak izanen dira galtzaile. Harrotun segurtasun eta askatasun espazio bat sortu dugu, espazio atsegin bat, kalitatezko arreta eskaintzeko, eta ez dugu galdu nahi».

INAI Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kideekin ere egin dute bilera bat Kattalingorriko kideek, eta, azaldu dietenez, gobernuak ez du asmorik Kattalinguneri baliabide gehiago emateko. «Harroturen zerbitzuak murrizten badituzte, Kattalingunek egin beharko die aurre Iruñeko beharrei ere; baina, baliabiderik gabe, nekez egin ahal izanen dute», azaldu du Iribarrenek.

Orain arte, Harrotuk artatu du Iruñeko jendea, eta Kattalingunek, berriz, herrialdeko gainerako hiri eta herrietakoa. «Zerbitzu publikoak dira biak, eta ezin dute inor kanporatu, baina ahalik eta eraginkorren izaten saiatu dira beti», zehaztu du Ander Iribarrenek. Argi utzi du, dena den, gaur egun ere, nork bere baliabideekin, «ahal duena» egiten duela. «Ezin dugu ahaztu zerbitzuek ezin izanen dutela lan eraginkorra egin baliabiderik ez badute. 2017an onartutako legea helduleku garrantzitsu bat da, baina ez dira jasotako neurriak diruz hornitzen ari».

Orain arte, 130.000 euroko aurrekontua izan du Harrotuk, urtean; Kattalingunek, berriz, 110.000 eurokoa.

Aipatzekoa da UPNk —egun Navarra Sumaren barruan dago, Ciudadanos eta PPrekin batera— ez zuela babestu 2017ko LGTBI berdintasunerako legea; abstentzioaren alde egin zuen Nafarroako Parlamentuko bozketan; PPk, berriz, kontrako botoa eman zuen. Iruñeko Udalean ere, UPNk zalantzan jarri zituen LGTBI kolektiboaren inguruko politikak, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zenean. Zehazki, Harrotu «doktrinatzeko» erabiltzea egotzi zion Aranzadiri: «Diru publikoarekin zama politiko erradikala duten ehunka liburu erosten ari dira, udal liburutegi populista, ideologizatu eta muturreko bat sortzeko», erran zuten UPNko udal taldeko kideek 2018an.

«Arazoa ez da oraingoa», erran du Berrok; baina beharrezkotzat jo du oraingo urratsak oraingo testuinguruan kokatzea: «Eskuin muturra, matxismoa eta LGTBIfobia gora egiten ari dira. Navarra Sumak bat egin du joera horrekin». Zinegotzi ohiak argi du auzia ez dela burokraziaren esparruko arazo huts bat: «Kolektibo baten eskubideak murrizten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.