Zaporizhiako zentral nuklearra ixtea pentsatzen ari da Ukraina

YURI KOCHETKOV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Segurtasun» arrazoiak tarteko, Zaporizhiako zentral nuklearra itzaltzeko aukera aztertzen ari da Ukraina, Volodomir Zelenski herrialdeko presidentearen segurtasun nuklearreko aholkulari nagusi Oleg Korikovek atzo agerraldi batean nabarmendu zuenez. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako adituak han izan dira azken egunetan, eta herenegun kaleratutako txosten batean ohartarazi zuten instalazioko egoera «eutsiezina» dela.

Europako zentral nuklear handiena gerrako frontetik oso gertu dago, eta Errusiak eta Ukrainak elkarri egozten diote haren segurtasuna arriskuan jartzea. Kremlinek du instalazioaren kontrola joan den otsail amaieratik, inbasioa hasi zenetik.

IAEAk NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari aurkeztu dizkio instalazioan egindako ikuskaritzaren ondorioak, eta, besteak beste, Errusiari eskatu dio ekipamendu militarra ateratzeko Zaporizhiatik. Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi zuen atzo, ordea, zentralaren eremuan ez dagoela ekipamendu militarrik. Nolanahi ere NBEren agentziaren txostenaz fio dela gaineratu zuen.

Zentralaren bueltan «segurtasun nuklearrerako babes eremu bat» sortzeko eskatu du IAEAk. Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak, baina, herenegun esan zuen instalazioaren inguruan «eremu desmilitarizatu bat» egin beharko litzatekeela. Hain zuzen, Zelenskik adierazi zuen lehengo astean IAEAk eskatu beharko lukeela zentral nuklearra desmilitarizatzea. Agentziak ez du halakorik egin.

Rafael Grossi IAEAko zuzendari nagusiak CNN hedabidean egindako elkarrizketa batean atzo azaldu zuenez, gerra moldea «arrunta» izaten ari denez—«gehiago ematen du Bigarren Mundu Gerra, XXI. mendeko gerra bat baino»—, instalazioari zuzenean kalte fisikoa eragiteko aukerak «oso handiak» dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.