Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Garunaren birmoldaketa haurdunaldian

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Haurdunaldian zehar, hormona-koktel konplexu batek bideratuta, emakumeek aldaketa fisiko eta fisiologiko itzela jasaten dute. Horietako asko begi bistaz nabarmenak dira; beste batzuk, ordea, ez.

Erresonantzia magnetiko bidezko irudiak aztertuz, frogatu berri dute haurdun dauden emakumeen garuna aldatu egiten dela, eta aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten dutela. Zehazki, enpatiarekin erlazionatutako eskualdeko materia grisa uzkurtu egiten dela behatu dute. Nerabezaroan ere antzeko prozesu bat gertatzen omen da: haurrek materia gris asko daukate, baina nerabe izatera pasatzean jasaten duten aldaketa hormonal latza tarteko, materia grisa uzkurtu egiten zaie, eta horrekin batera neuronen arteko konexio asko galtzen dituzte. Zientzialariek fenomeno horri «inausketa egokitua» deitzen diote. Baina adi! Materia grisa uzkurtzeak ez du garun-gaitasuna galtzea esan nahi. Izan ere, zenbat eta substantzia grisa urriagoa izan, orduan eta handiagoa da eraginkortasun kognitiboa.

Haurdun dauden emakumeengan gertatzen den aldaketa horri esker, uste da amen garuna eraginkorragoa dela funtzio jakin batzuk betetzeko. Haurraren beharrei hobeto erantzuteko eta inguruko mehatxuei aurrea hartzeko, kasu. Izan ere, zientzialariek hau frogatu dute: substantzia gris gehien galdutako eskualdeak direla gehien aktibatzen direnak amek euren haurren irudiak ikustean. Aldiz, gainontzeko haurren argazkiei behatzean, ez da inolako aktibaziorik antzematen. Are gehiago, ikerketa berak erakutsi zuen substantzia grisean gertatutako uzkurketa maila eta umedun emakumeek euren haurrekiko duten atxikimendu maila estuki erlazionatuta daudela.

Arestian aipatutako garuneko aldaketa horiek era tradizionalean eta in vitro ernalkuntza bidez haurdundutako emakumeengan behatu dira, baina ez bikotekideengan. Beraz, bikotekideek edo ama ez den beste edonork haurrekin amek bezain tentu jokatzea nahi badugu, hobe dugu trikimailuren bat asmatzea haien garuneko substantzia grisa ere uzkurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.