Javier Sadaba. Filosofoa

«Euskarazko hitz batek esaten du garbienik zer behar den orain: presoak 'etxera'»

Atzo zortzi, Orain Presoak martxako agiria irakurri zuen Sadabak. Ez du auzi hori kezka bakarra; kontakizuna, autodeterminazioaren defentsa, proiektuak... Gabeziak ikusten ditu abertzaleen artean.

enekoitz esnaola
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Javier Sadabak (Portugalete, Bizkaia, 1940) duela bederatzi urte hartu zuen erretiro profesionala, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan —Etika katedraduna da—, baina plaza publikoa ez du utzi; «agian, lehen baino lan gehiago egiten dut; teraupetikoki, ondo datorkit». Gaztetxo zela Portugalete eta Bilbo laga, eta, hainbatlekutan ibili ostean, Madrilen bizi da azken 40 urteotan. «Madrildarra naiz, baina bihotza Euskal Herrian daukat». Atzo zortzi Bilbon izan zen, Orain Presoak manifestazioan, eta bukaeran gaztelerazko agiria irakurri zuen. «Gustura sentitu nintzen martxan, eta ikusi nuen jendea konbentzimenduz joan zela». Sadaba filosofoak dio Madrilen Euskal Herrian gertatzen denaz nahikoa gutxi dakitela. «Dakitenen artean, bi multzo daude: animatzen nautenak—ezaugutzen naute— eta Twitterren-eta biraoak egiten dizkidatenak. Nik uste jendeak pertsona koherentetzat naukala, eta esango nuke ondo hartzen nautela, nahiz eta ez egon ados nirekin».

ETAk bukatu zuen: 2011n, jarduera armatua, eta joan den urtean, ibilbidea. Hau al da bakea?

Bakearen parte bat da hau. Bakeaz ulertzen bada jadanik ez dagoela jarduera edo aldarrikapen armatu bat, bakea dago orain. Baina bakea, bere osotasunean, jendeari etorkizun politikoaz galdetzen zaionean eta erabakitakoa gauzatzean lortuko da. Ez da nahikoa aldarrikatzeko askatasuna izatea; erabakitakoa gauzatu behar da.

Bake giro handiagoa al dago?

Bai, dudarik ez horretan. Euskal Herrira joan eta kalean nabilenean, nabari dut giroa askoz lasaiagoa dela. Eta esango nuke berradiskidetzea ere badagoela, ideologikoki oso desberdina den jendearekin egotea errazagoa baita.

Urte hauetan ezker abertzaleak eman ditu aurrerapausoak...

...eta Espainiako Estatuak, behintzat, batere ez. Lehengo astean, presoekin legedia betetzeko eskatu genuen Bilboko manifestazioan —Euskal Herriratzea, gradu progresioa...—, baina estatua geldirik dago. Azkenaldian, PSOEren gobernuarekin, zeozer mugitu da, baina oso txikiak dira haren urratsak. Guztia azkarrago eta indartsuago joan beharko litzateke.

Euskal presoena al da konpontzeko auzirik premiazkoena?

Bai. Hain zuzen ere, euskarazko hitz batek esaten du garbien zer behar den orain: presoak etxera.

PSOE ez dago indar posizio batean Espainiako Kongresuan.

Hala da. 350 diputatuetatik 84 ditu, eta, Rajoyren kontrako zentsura moziokoak elkartuta ere, justu antzean dabiltza. Baina hilabete hauetan egin dituzte gauzak, eta presoen auzian ere egin daitezke. Gainera, euskal eta katalan taldeak daude moziokoen artean. Ikusita gizartea nola dagoen, nik uste gobernuak ez lukeela oposizio handirik izango espetxe arloan gehiago mugituko balitz.

Espainiako Gobernuan bat edo bestea egon, euskal presoen aurkako mendeku politika al dago? Hori salatu zuen BERRIAn urrian Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibila izandakoak.

Ados naiz. Hori ikusten ari gara. Justizia baino gehiago, mendekua dago euskal presoekiko. Ankerkeria handia gertatzen ari da.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak dio lehentasuna presoen «gizarteratzea» dela, ez «gerturatzea».

Lelokeri bat iruditzen zait esaldi hori. Zer da Lozarentzat gizarteratzea? Ez da bidezkoa presoei damua edo kideak salatzeko eskatzea. Hori ez zen egin IRAkoekin, ezta hurrik eman ere. Gizarteratze prozesuak ez dira errazak izaten, baina Madrilentzat erraza da presoak haien etxetik hurbileneko kartzeletara eramatea. Gutxiago espekulatu behar da gizarteratzearekin-eta, eta egin, erraz eta azkar egin daitezkeenak. Beraz, presoek Euskal Herrian egon behar dute. Gainera, haiek ari dira pausoak ematen: hor daude barne eztabaiden ondorioak, ETAren desegitea lagundu dute...

Kontakizunaren bataila al dago atzean hemen, azken batean?

Bai. Garaileen eta garaituen eskema nahi du estatuak, eta saiatzen da hori sustatzen. Ikusi zer promozio kanpaina egin dioten Fernando Aranbururi Patria libururako. Zorionez, ez da gehiago ETAren indarkeriarik izango, baina hor dago Euskal Herriaren eskubideen kontua, eta nik uste defenditu daitekeela argudioekin. Ezin dena esan da egindako guztia gaizki egon zela edo gaizki egongo dela. Kontakizun horrek ez du arrakastarik izango Euskal Herrian, humusa edo askoren barnean dagoena ez baita itzaliko.

Zer da humus hori? Nola dago?

Batetik, parte emotiboa dago. Oso aspaldiko herria da gurea, euskarak milaka urte ditu, herriak eta hizkuntzak iraun egin dute... Termino antropologikoetan, altxor bat da. Horrek esan nahi du gure herriak ohiturak eta kohesioa izan dituela, eta hori oso-oso barruan geratzen da. Gure izatearen parte da. Bestetik, eta demokraziaz hitz eginda, gehienek uste dute herritarrei hitza eman behar zaiela. Baina estatua era guztietara ari da bere kontakizuna ezarri nahian: filmak, liburuak, esloganak... Hedabide handienak alde dauzka, eta alor horretan ikusten dut defizit bat abertzaleen artean.

Zer defizit?

EAJk eta EH Bilduk zergatik ez dute, bat eginda, irratian inbertsio handi bat egin Madrilen? Dirua badago. Edo zergatik ez da egin Deia, Gara eta abarretik harago doan egunkari bat? Zergatik ez da askoz gehiago indartu kultura? Euskara oso-oso garrantzitsua da, baina kultura ez da euskara bakarrik. Edo zer proiekzio du unibertsitateak? Zenbat intelektual daude errelato egokiarekin? Bakanak dira; Ramon Zallo da bat, nire iritzian. Autokritikoagoak izan behar dugu, beraz.

Etika katedraduna zara. Zoru etikoari buruz hitz egiten da euskal politikan. Zer da hori?

Oso printzipio irmoak izan behar dira. Adibidez, inor ez umiliatzea, aberastasunaren partiketa justua egitea... Unibertsala da zoru etikoa, eta denentzat balio beharko luke. Zoritxarrez, ez da halakorik lortzen. Euskal Herriari dagokionez, elkarrizketa ere balitzateke, baina funtsarekin, etaelkar errespetatu behar da. Hala ere, komunikabideetan eztabaida gutxi ikusten dut.

Ba al dago beti jarrera etikoa izan duenik?

Ez. Ehunka lagun hil ditu ETAk, baina hor daude GALen, BVEren eta abarren hildakoak ere, asko eta asko. Tortura kasu ugari ere egon da, eta dokumentatuak daude, gainera.

Termino eta kontzeptu asko daude plazan: bizikidetza, berradiskidetzea, memoria, egia...

Hizkuntza dominatzen duenak, egoera dominatzen du. Gobernuentzat, estatuentzat eta kapitalarentzat funtsezkoa da hizkuntza dominatzea. Hitzak ezartzen dituzte, erraztasun handiz. Guk jakin behar dugu hitz bakoitza zer den, zer jatorri duen. Ondo erabili behar dira eleak, ondo aplikatzeko. Euskal gatazkan egiari buruz hitz egin nahi bada, gauza bakoitzari bere izenarekin deitu beharko zaio. Eta ez dago egia bakar bat; asko daude, eta guztiak jakin behar dira. Horrez gain, bestea aitortu egin behar da, ez ezabatu.

Nola bukatu zuen ETAk?

Poztu egin naiz desegin zelako. Baina balorazioa ez da egin behar bukaerako aldiaz soilik, oso garai desberdinak egon baitira haren ibilbidean. 60 urtean iraun du, eta ETAren sorrera garaian zeuden 1968ko maiatza, Vietnamgo gerra, mugimendu gerrilleroak Latinoamerikan, Brigada Gorriak... Konbikzioz, indarkeriaren erabilpenaren aurka nago, ez bada azken-azken bitartekoa. Bukatu du ETAk, eta poztu naiz. Nik uste desegitea beste aukerarik ez zeukala jada; jende asko oso nekatuta zegoen, indarkeriarekin ez zen biderik ikusten eta ETA eskas zegoen gaitasun operatibo aldetik.

Noiz behar zuen ETAren bukaerak?

Aljerren [1989] aukera handi bat galdu zen. Saihestuko ziren gero izandako heriotzak-eta, eta indar handiagoz negoziatu ahalko zen. Lizarra-Garazin ere [1998-1999] galdu zen aukera bat. 2005-2007an ere ETA iritsi zen estatuarekin hitz egitera, baina gero bide hori betikobukatu zen. Aurrekoan Bilbon ezker abertzaleko buruzagi batek inertzia aipatzen zidan, eta arazo handitzat zuen. Gainera, gatazkaren teorizazio gutxi egin da. Ikurrak lagungarri dira beti, baina gauzak esplikatu egin behar dira, ondo. Ez naiz ari gatazkaarmatuaz soilik. Esplikatu behar da zer den euskal sozialismoa, zer den abertzalea izateke independentista izatea... Aspalditik egin behar ziren halakoak. Bestela,hitzak lapurtzen dizkigute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.