GEURE KONTU

Esklabo zuriak Orbanen etxaldean

Manifestariak, iragan astean, Pecs hirian.
Manifestariak, iragan astean, Pecs hirian. TAMAS SOKI / EFE

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 13
Manifestariak kalean, kolore eta jatorri desberdinetakoak, gobernuaren eta agintarien aurkako oihuak, haserrea... Bai, Jaka Horiak izan zitezkeen, baina ez dira. Hungariarrak dira, eta joan den abenduaz geroztik egun askotan atera dira Budapesteko eta beste hirietako kaleetara, Hungariako parlamentuak onartu duen lege baten aurka. Esklabotza legea deitu diote oposizioko alderdiek, sindikatuek eta ikasle taldeek, aspaldiko partez batuta. Berez, legearen bultzatzaileak, Viktor Orban lehen ministroak, ez ditu esklaboak nahi, baina bai, ordea, langile merkeak. Eta hungariar peto-petoak, ezaguna baita azal ilunekoak ahalik eta urrunen nahi dituela agintari ultrakontserbadoreak.

Orbanen arazoa da Hungariako ekonomiak langileak behar dituela, bertakoak eta atzerritarrak. Arazoa ez baita langabezia —%3,7ko tasa du, EBko txikienetan laugarrena—, langile eskasia baizik. Eurostaten arabera, Hungariako industria enpresen %93k esan zuten langileak falta zaizkiela. Joera orokorra da Europa erdialdean, baina ez neurri horrean: Polonian %51ek diote arazoak dituztela, %46k Txekiar Errepublikan eta %37k Eslovakian.

Herrialde horiek guztiek multinazional indartsuen inbertsio handiak jaso dituzte azken urteetan, ongi trebatutako eta, inportantea, gutxi ordaindutako eskulana zutelako. Gainera, kontinentearen erdian egonik, kokapen egokia dute. Alemaniako enpresak nabarmendu dira, autogintzakoak batik bat. Hungarian, ibilgailuak eta motorrak egiten dituzte orain Mercedes, Audi eta Opel alemaniarrek, eta Suzuki japoniarrak. Industriaren %30 autogintzari lotuta dago, eta aurki %40ra iritsi daiteke, BMW batu egingo baitzaie: uztailean iragarri zuen lantegi bat eraikiko duela Debrecen hiritik gertu, urtean 150.000 auto egiteko.

Tira, autoak egin ahal izango ditu, baldin eta langileak aurkitzen baditu. Soldata eskasek uxatuta, 600.000 lagunek herrialdea utzi dute azken urteetan, mendebaldean hobeto ordaintzen dietelako. Exodo hori orokorra da eskualdean, baina Hungarian kalte handiagoa egiten du, bertako langileak ordezkatuko dituen inor ez dagoelako.

Polonian, ukrainarrak

Langile eskasia ukrainarrekin betetzen ari da Polonia. Eslovakiak, berriz, atzerriko langileak onartzeko arauak erraztu zituen otsailean, eta serbiar eta errumaniar asko erakarri ditu. Baina Hungaria Orban da, eta atzerritarrei ateak zabaltzea baino, langile hungariarrak gehiago zukutzea hautatu du hark. Esklabotza legearen bitartez, langile batek urtean egin ditzakeen aparteko orduak 250etik 400era igaroko dira. Funtsean, astean beste egun bat lan egin ahal izatea dakar horrek. Borondatezkoa dela aldarrikatu du gobernuak, eta multinazionalen beharrei baino, enpresa txikiei eta ertainei egingo diela mesede. Gainera, enpresei gauzak errazteko, aparteko ordu horiek hiru urteko epean ordaintzeko baimena ematen du legeak.

Azalpen horiek ez dituzte sindikatuak konbentzitu, eta ezker-eskuin, oposizioko alderdi guztiak batu zaizkie. Behingoz, Orban higatzeko aukera ikusten dute.

Esklabotza legearen aurkakoa ez da Orbanen aurkako lehen mugimendua, ezta jendetsuena ere ez, baina bai jarraikortasun handiena izan duena. Eta hori Orbanek meritu handiak egin dituela Hungariako gizartearen atal desberdinak sumintzeko. Aginte autokratikoa, botere judizialaren kontrol estua, oposizioaren zapalketa, hedabide publikoen manipulazioa... Bere burua demokraziaren txapelduntzat jotzen duen EBk Orban zerrenda beltzenean jartzeko nahiko arrazoi ditu, baina errieta txiki batzuk bazik ez ditu jaso orain arte, PPE Europako alderdi kontserbadorearen babesa duelako.

Protestak Ā«atzerrian entrenatutako ekintzaileeiĀ» egotzita erantzun du gobernuak. Eta, nola ez, ohiko pagaburua aipatzen, jatorri hungariarreko George Soros milioidun estatubatuarra. Oraingoz, sendo ikusten du bere burua Orbanek, baina protestek arrakala bat sortu dute bere gotorlekuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna