Txileko galdeketa konstituzioaz

Zilegitasuna berresteko ordua

Txilen konstituzioa aldatzeari buruz bozkatuko dute biharko erreferendumean. Baiezkoak irabaziz gero, bidea irekiko die egiturazko aldaketa politiko eta ekonomiko batzuei

Milaka herritar, iragan astean, baiezkoaren alde manifestatzen. A. VALDES / EFE.
Cecilia Valdez
Santiago
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Iragan urtearen amaieran, metro bidaiak garestitu egingo zirela iragarri zuten Txilen, eta erabiltzaile askok eta askok ordaintzeari uko eginez erantzun zuten, samaldaka. Protestaren sua han eta hemen piztu zen aste batzuetan. Mobilizazioak, batzar konstituziogileak, bateko eta besteko manifestazioak egin zituzten Txileko bazter guztietan. 2019ko azaroaren 15ean, itun politiko historiko bat erdietsi zuten, eta milaka manifestarik asteetan eginiko eskaera onartu: beste konstituzio bat ontzea. Hala, herritarrek biharko galdeketan erabakiko dute ontzat jotzen duten beste konstituzio bat idazteko bideari ekitea, eta, baiezkoan, nork idatziko duen.

Sebastian Piñera presidenteak karguari uko egitea, eta batzar konstituziogileek beste konstituzio bat ontzea: horra iragan urte amaierako protesten eskaera nagusietako batzuk. Horiekin batera, irakaskuntza publikoa eta doakoa izatea ere eskatu zuten, osasuna, pentsioak eta soldatak zaintzea, ingurumen arloko harrapaketak geldiaraztea, eta edateko ura segurtatzea; horrek guztiak ekarri zuen Bake Sozialaren eta Konstituzio Berriaren Aldeko Ituna. Abenduaren 24an, konstituzioaren erreforma argitaratu zen aldizkari ofizialean, eta bidea zabaldu zioten testu hori berritzeko oraingo prozesuari. Itunean, bat etorri ziren plebiszitu bat egiteko: halaxe erabakiko du Txilek oraingo konstituzioa aldatuko duen ala ez, Augusto Pinocheten (1973-1990) diktaduratik datorkiona. Galdeketa apirilaren 26an egitekoak ziren, baina atzeratu egin zuten, pandemia zela kausa; irailaren 25ean berrekin zioten kanpainari.

Piñeraren estrategia

Piñeraren estrategia zera zen, bere mesederako kapitalizatzea pandemiaren kudeaketa, baina emaitzak ez dira izan espero bezalakoak. Batzuek eta besteek onartzen dute gobernuak ahaleginak egin dituela ohe kopurua bikoizteko eta arnasgailuak eskuratzeko, sistema publikoa eta pribatua ondo uztartzeko, eta osasun arloan kolapsorik ez izateko, baina, hala ere, proportzioan Txile da koronabirusaren pandemiak gogorrenik jo dituen herrialdeetako bat, eta bistan da horrek zer ondorio ekarri dizkien herritar multzo ahulenei. Leku guztietan kritikatu dute pandemia kudeatzeko modua, eta, egoerari etekina atera beharrean, Piñerak aurre egin behar izan dio herritar sektore askoren ezinegonari: bazterturik sentitzen dira, eta ez daude batere pozik, pandemiaren ondorio ekonomikoei dagokienez batez ere.

Txileko egoera, oro har, inguruko herrialdeetakoa bezalakoa da herritarren arteko desberdinkeria ekonomiko itzelari dagokionez, eta, gainerako herrialdeetan bezala, gero eta astunagoa da pandemiaren zama. Orain kontua ez da berehala neurri urgente batzuk hartzea, baizik eta herritar askoren beharrei erantzutea.

Nahiz eta sistema neoliberal eredugarri gisa aurkeztu, Txilek azkenaldian agerian utzi du ez dela gai desberdinkeria larri horiek leuntzeko eta krisi ekonomikoa konpontzeko; haustura dago politikarien eta herritarren artean.

Galdeketa, arnasbide

Bihar egitekoa den plebiszitu konstituzionala arnasbide bat izan liteke oraingo egoera bihurrian. 1988az geroztik Txilen egingo den galdeketarik garrantzizkoena da —diktadura militarraren bukaera ekarri zuen plebiszituaz geroztik, alegia—, eta bidea zabalduko die egiturazko aldaketa politiko eta ekonomiko batzuei.

Sektorerik kontserbadoreenak eta eskuin muturra daude konstituzioa aldatzearen kontra. Ohartarazi dute konstituzioa aldatzeak kolokan jarriko duela herrialdearen egonkortasuna, eta, horregatik, moldaketa batzuk egin nahi dizkiote konstituzioari, baina erabat aldatu gabe. Testu hori moldatzearen aldekoentzat, berriz, beste konstituzio bat egitea ezinbestekoa da bestelako politika publikoak martxan jartzeko eta, horien bidez, mendeetan bazterturik egon diren gizarte sektoreen parte hartzea indartzeko.

Bozketa eguna

Prozesuan, osasun neurri batzuk hartuko dira COVID-19aren pandemia dela eta. Boto emaileek boligrafo urdin bat, maskara eta eskuak garbitzekoa aldean dituztela joan beharko dute bozkalekuetara. Han, bi boto paper emango dizkiote bozkatzaileari.

Lehenbizikoan, erantzun beharko du ea beste konstituzio bat nahi duen ala ez. Lehen botoan erantzun duena erantzun duela, bigarren boto paperean aditzera eman beharko du zer organok idatziko duen konstituzio berria: Batzar Konstituziogile Mistoak, non kideen erdiak parlamentariak izango baitira eta beste erdiak herritarrak, ala Batzar Konstituziogileak, non denak herritar hautetsiak izango baitira. Batzar horrek konstituzio berria idatzi eta testu proposamen bat onartu beharko du, bederatzi hilabeteren buruan gehienez. Beste hiru hilabete luzatu ahal izango da epea, behin bakarrik. Batzarkideak 2021eko apirilean aukeratuko dituzte.

Inkesten arabera, beste konstituzio bat egitearen aldekoak gehiago izango dira, askoz ere. Eta gehienek Batzar Konstituziogilearen esku utzi nahiko dute lantegi hori. Konstituzioa lantzeko prozesuak aurrera segitu du pandemia gorabehera, eta gainditu egin ditu bateko eta besteko eskuindarrek prozesua trabatzeko jarritako oztopoak. Alde horretatik, prozesuak zilegitasuna bildu du, eta bihar izango da zilegitasun hori berretsi edo baztertzeko ordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.