Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Bruselaren poltsari begira

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Mugimendu handiko asteak Madrilen. Eta ez naiz ari elurte ospetsuaz, azken horrek kontrakoa erakusten baitu: nola egon diren agintari batzuk zeruari begira zehatz-mehatz iragarritako ekaitz bati aurre egin behar ziotenean. Bulegoetan, ordea, gehiago mugitzen ari dira, eta bi gai lotu dituzte: enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak eta autonomoentzako sari bereziak luzatu dituzte, maiatzaren 31 arte. Horien bitartez, nolabaiteko babesa izango dute koronabirusaren krisiaren ondorioz enplegua edo jarduera galtzen duten soldatapekoek eta autonomoek. Aldi baterako erregulazioei dagokienez, ez dago berritasun handirik, baina bai autonomoen kasuan: jardueraren %50 galdu dutela erakustea nahikoa izango dute laguntza bat jasotzeko —lehen %75 zen—. Horrek handitu egin beharko luke jasotzaileen kopurua, orain arte apala baita.

Baina bi horiek ziren lotzeko zeuden gai errazenak, mahaiaren bueltan eseri ziren guztiak ados baitzeuden xehetasunek ezin zituztela kolokan jarri. Pentsioen eta lan merkatuaren erreformetan, berriz, ados jartzea ez da hain erraza izango. Berez, Espainiako Gobernua bera barne oreka zailean dabil, bere arima liberalaren eta sozialdemokrataren artean. Nadia Calviño versus Yolanda Diaz, aurpegiak jartzearren.

Kontua pixka bat gehiago nahasteko, badago beste aktore bat: Europako Batzordea. Eta harena ez da cameo bat: hari bidali behar izan dizkio Espainiako Gobernuak bere erreforma proposamenak, horiek gabe ez baita EBren suspertze planaren dirurik egongo. Egia da hasieran saldu zela EBren funtsak baldintzarik gabe iritsiko zirela, baina Bruselak ez du horrelako aukerarik galduko bere agenda bultzatzeko. Pentsioei dagokienez, urteak daramatza Espainiari eskatzen zerbait egin dezala, gaur egungo sistema ez zaiolako «jasangarria» iruditzen. Analisi horren esklusibarik ez du, ordea: zulo gero eta handiagoa egiten ari da Gizarte Segurantza, eta, baby boom-aren belaunaldia erretiratzeak gastua handituko duenez, zerbait egin behar dela argi dago. Zer egin, horixe da koxka, eta erreformaren letra txikia ez du, teorian, Bruselak idatziko. Baina 140.000 milioi euroko poltsa bat eskuan duenak beti du zeresana, eta horregatik eskatu dute ELAk eta Kapitalari Planto-k funts horiei muzin egiteko.

Zehaztasun gutxi, badaezpada ere

Jokoa irekitzeko, Madrilek proposamen zabalak egin ditu; hain zehaztugabeak, ezen kontu hartu baitio Europako Batzordeak. Baina bidalitako agirian ikus daitezke jada ildo batzuk. Bata da erretiroa hartzen duenaren pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko diren kotizazio urteak zabalduko direla. Lan bizitzaren azken 24 urteak dira aurten, eta 25 izango dira 2022an, hamabostetik 25era handitzeko prozesua amaitzen denean. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzaren ministroak 35 urtera zabaltzeko aukera aipatu zuen —hala agertzen zen Bruselara bidalitako zirriborro batean—, baina sindikatuek ez ezik Unidas Podemosek ere muga gorri bat dela esan diote, pentsioak asko gutxituko lituzkeelako. Azkenean, Escrivak amore eman du 35 urteekin, baina ez epea zabaltzearekin. Iradoki duenez, epe luzeagoa proposatuko dute, baina langileari eskubidea emanez kotizazio eskaseneko urteak kentzeko. Konponbide horrek pentsio asko txikituko lituzke, baina mesede egin diezaieke lan bizitza gorabeheratsua izan dutenei eta azken urteetan lana galdu dutenei. Erretiro aurreratua zigortzeko neurriak eta pentsioen eguneratzea «KPIari lotutako» tresna bat ere agindu ditu Madrilek.

Lan erreformari dagokionez, Bruselak gustuko du PPren 2013koa, bere ustez milaka lanpostu sortu zituelako kaleratzeak merkatzeak eta enpresei boterea emateak lan baldintzak okertzeko. Oposizioan, PSOEk eta UPk agindu zuten erreforma bertan behera utziko zutela, baina epelago dabiltza gobernuan. Gobernu programan hitzartutakoa bidali dute Bruselara, baina hizkera anbiguo batekin. Funtsean, sektoreko hitzarmenen lehentasuna eman nahi diete enpresakoen gainetik, ultraakbititatea zabaldu, eta enpleguen behin-behinekotasuna txikitzeko neurriak.

Azken hitza elkarrizketa sozialak izango duela esan du gobernuak. Udaberrirako jakingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.