jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Europa bere ispiluaren aurrean

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Estrategia batek ez dio zertan eraginkorra izateari utzi behar ezaguna izanagatik ere. Ukrainako gerra hasi zenetik, Vladimir Putinen Errusiak erantzun egin die Mendebaldeak jarritako zigorrei, Europaren batasuna zalantzan jarrita, eta horretarako trebezia handia erakutsi du, herrialdeen arteko kontraesanak agerian utziz, eta, batez ere, Alemaniarenak, aste honetan ikusi denez.

Berlinek denbora zeraman Ukrainara arma astunak bidaliko zituela iragartzen, baina ez zuen egiten. Asteazken honetara arte: iragarri du 50 borroka gurdi emango dizkiola. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gerra nuklear baten aukera mahai gainean jarri eta hurrengo egunean iritsi zen erabakia. Eta AEBetako armadak Ramsteinen (Alemania) duen basetik. Esanahi sinboliko handiko erabakia izan da, horregatik eta Scholzen gobernuak atzean utzi duelako arrazoi historiko eta politikoetan oinarrituta Bigarren Mundu Gerraz geroztik herrialdeak bere buruari ezarritako debeku moduko bat: gatazka eremuetara armak bidaltzea

Orain, luze gabe, beste kontraesan bati egin beharko dio aurre energiaren alorrean, hau da, gerrako beste frontean. Alemaniak hilabeteak daramatza hitzematen Errusiako energiatik askatuko dela, baina ez du egiten. Herrialdean egunetik egunera hazten ari da enbargoaren aldeko presio publikoa, hori egiten ez badu, Errusiako armada finantzatzen ari delakoan. Baina, aldi berean, deskalabru ekonomiko baten beldurra ere oso zabalduta dago. Scholz kantzilerrak berak telebistako solasaldi batean ohartarazi du neurriak krisi ekonomiko larria eragin dezakeela, eta ezegonkortasun soziala areagotu, baina esan du gobernu berria prezio hori ordaintzeko prest dagoela, eta «nahiko azkar» egingo duela.

Europako Batasunak erabaki komun bat nahi du, baina Berlinen zain dago oraindik ere, hark baitu Errusiarekiko mendekotasunik handiena. Aste honetan Robert Habeck Ekonomia ministroak ziurtatu du %55etik %40ra jaitsi duela Errusiako gasaren beharra, eta petrolioarena %35tik %12ra. Eta enbargoa gertu dagoela azpimarratu du. Hori esan zuen Errusiak Europako bi herrialderi —Poloniari eta Bulgariari—gas iturria moztu ziela jakinarazi eta ordu gutxira.

Gerra hasi zenetik gasa eta petrolioa eta hori pagatzeko dirua arazorik gabe mugitu dira lubakien alde batetik bestera. Eta Putinek ez du aukera galdu Europaren ahultasunak agerian uzteko. Martxo amaieran, Errusiatik datorren gasa errublotan ordaintzeko eskatu zuen, moneta errusiarraren balioari eusteko. EBk dolarretan eta eurotan ordaintzen jarraitzeko eskatu zuen, baina Alemaniak eta beste estatu batzuek ez dute Bruselaren gomendioa bete. Bulgariak eta Poloniak bai, eta Errusiak iturria itxi die.

Zabaldu den moduan, baliteke bi herrialde horiek Errusiako gasarekiko duten mendekotasuna txikiagoa izatea inguruko beste batzuek dutena baino. Baina erabaki horren ondoren, oso litekeena da Europak jarrera gogortzea —bihar bilduko dira energia ministroak—. Eta gerta daiteke ohiko banaketei -iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artekoa, handi eta txikien artekoan- beste bat gehitzea: zigorrak gogortu eta betetzearen aldeko herrialdeen eta neurri horiekin zalantzak dituztenen artekoa. Putinen estrategia ezaguna da: batasuna zalantzan jartzea. Azken mugimenduek ispiluaren aurrean jarri dute Europa, eta bereziki Alemania. Eta orain bere kontraesanei egin beharko die aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.