Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Errealitatea

2014ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Besteak beste, Jule Goikoetxeak esan du, bere estreinako poesia-liburuaren harira egin dizkioten elkarrizketetan, gehiegi jarduten dugula gauzak izan beharko luketen moduaz, eta ez gatzaizkiola, ordea, grina berarekin lotzen orain eta hemen dugun egoera aztertzeari. Badela traba bat nahikoa serioa, errealitatea aitortzetik eta sakon ezagutzetik baino ezin baitaiteke etorri hori iraultzeko borroka eta, ondorioz, benetako aldaketa (buruz ari naiz baina ados nengoke).

Gogoratu zait, halaber, Derrick Jensen aktibista eta idazlearen hitzaldi batean egon nintzela eta kopla gehiegirik gabe esan zigula (buruz ari naiz hemen ere): «Biolentzia sexista eta arrazistaren harira, gizon zuri estatubatuar gisa badut erantzukizunik, eta nire gain dago neure pribilegioak bestela kudeatzea, feministekin eta xenofobiaren kontrako eragileekin elkartzea, emakumeen eta zuria ez den ororen aliatu eta bidelagun zinezko bilakatzea; hala ere, kaleetan zeuek jarraituko duzue erasoen jomuga izaten; beraz, prestatu, eta eutsi tinko autodefentsari». Apur bat hara bestea gelditu banintzen ere, uste dut zintzoa izan zela, eta ez zuen salbatzaile-diskurtsotik hitz egin.

Honezkero apur bat nora demontre zoaz Danele egongo zarete-eta, lasai, banator, abuztua ere badatorren bezala, geldo-geldo, bere jaiegun mitiko, doako kontzertu eta txosnagune zoragarriekin; ospatzeko orduan ez garen arren denok berdin aske, hor baitaude, azkenaldikoak baino ez aipatzearren, mutil-dantzetako mehatxuak eta diskoteketan sartzeko azal-irizpide apetatsuak. Baina gaur ostirala da, eta ez diezagula inork libre festatzeko gogoa ken; neuk ere, Miner, ez dut birritan pentsatuko, eta errealitateaz aski jabetuta eta autodefentsan zailduta, potro hain handi horiek lehertuko dizkiot neuk nahi izan gabe zakila erakusten didan edozeini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.