Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Ondarroara

2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Kausa dohatsuen aldeko nazioarteko (edo ez) egunak barra-barra markatzen dizkigun honetan egutegiak, kasuan kasuko kausez bortitzen zeharkatuak direnek ia automatikoki aldarrikatzen dute (kausa egun zehatz batean ikusgaitu behar dela baieztatzearekin bat) kausak kausiarazten dizkien kalamitate eta kuxidadeak izan behar direla kontuan hartuak, agerikoak eta gaitzesgarriak ez soilik kausaren hitzordu ofizialean baizik eta egunero-egunero-egunero. Logikoa da, noski, kokoteraino daude-eta (gaude-eta) kausaren eguneko hitz polit eta potolo guztien osteko indiferentzia hipokrita nardagarriaz.

Horrela, bada, azkenaldikoak ahotan hartuta, epe luzera begira eta konstantzia gogoz exijitu eta ekin genuen: #A25ean ozen esanda autodefentsarekin lehertu behar dugula patriarkatua (ez preseski 24 orduan burutzeko langintza) eta mural argitsuak margotuta puntu ilunetan, adibidez Otzetako tunelean, alde guztietatik irentsarazi diguten beldurraren kontra gogora dezagun erantzun dezakegula, argi moreak indartzen gaituela. Gertuago, aste honetan bertan, kartel arrosarekin ordezkatu dugu iazko urdin higatua, euskarak 365 egun dituela, eta penaz baina uztarekin orokorrean pozik bota dugu azken mikroipuina, egunero karaktere apur batzuekin gure mihia Twitterrian ere dantzarazteagatik kontent, nafarrek erranen luketen gisan.

Horrelaxe, bada, ezin diogula sekula utzi geu izateari, emakume euskaldun eta feminista, ezin ditugula bata eta bestea banatu, liskartu, etsaitu, ezinbestean behar ditugula biak ere estu lotu, Amaia Ezpeldoik bere laugarren abenturan bezala ahokorapilatu: eusleskarabianakaralesbeusbianaka; egunero euskara, egunero andreok plazara. Badatozela Emakume Abertzaleon Topaketa Feministak, bidean goaz buru-gorputzak armatuta, bihar zortzi guztiok Ondarroara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.