Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Assata

2014ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Dashiell Hammett idazlea hilurren zegoenekoa hartu zuen IƱigo Aranbarrik ahotan joan zen igandean txoko honetan, Kubako bahimendu ekonomikoaren hasiera gogora ekarri eta zeharka erreferentzia egiteko berrogeita hamar urtez iraun duen egoera alda dezakeen akordioari. Albistearen berri izan nuenean, neuri ere etorri zitzaidan estatubatuar baten izen propioa burura, Pantera Beltzetako kide batena, kasu honetan, hogeita hamar urte daramatza-eta Kuban bizitzen, 1979an espetxetik ihes egin ostean: Assata Shakur.

Batzuen hortzak entzun nituen zorrozten, eta une aproposa iruditu zitzaidan behingoz heltzeko aspalditik mesanotxean neukan liburuari, Shakurrek 1987an idatzitako autobiografiari. Atxilotu zuten gauetik hasita,bi sasoitako oroitzapenak tartekatzen ditu autoreak, edo, zehatzago, bi ildoen arteko harremana ikusarazten du, batak nola eraman zuen bestera. Horrela, epaiketei eta espetxealdiari buruzko kontakizun xehean txertatzen ditu haur-, nerabe- eta gaztaroko gertaerak, borrokara lotzeko orduan erabakigarriak izan baitzitzaizkion bizitza osoan pairatutako egiturazko arrazakeria sexistaren aztarna minberak.

Kuban dagoen iheslari zehatz horrekiko kezkak hurbildu ninduen liburura, eta ustekabean deskubritu nuen gaur eguneko AEBetako errealitatearekin ere oso ondo lotzen dela kontakizuna beste alde batetik, Shakurrek esplikatzen baitu, besteak beste, zer zuri gutxi dauden kartzeletan preso, zenbat ez-zuri gehiegizko kondenak betetzen, zenbat beltz akabatzen dituzten zigorgabe. Urteak pasata, dena ere ez dela hainbeste aldatzen, kamarada, diote Fergusonen.

AEBetako aferez arduratzen den ministro Josefina Vidalek astelehenean jakinarazi zuen Kuba badela aski burujabe, nahi duen pertsonei babes politikoa emateko. Eta nik batzuen hortzak aditu nituen atzera. Karraskan, ordea, oraingoan, bata bestearen kontra, amorruak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.