Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Presentzia

2015eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ohituta gaude une oro zerbait esaten, zerbait egiten. Isiltasunari ez deritzogu ona denik, beldurra diogu, eta ez dugu maite ezta ere ezer egin gabe egotea. Etengabe ematen dugu gure iritzia. Etengabe esku hartzen dugu. Berdin bere penak kontatzen dabilen lagunarekin gaudenean (ezertarako balio ez dioten iritziak eta aholkuak oparituz edota guk ere antzekoa bizi izan dugula eta geure buruari protagonismoa emanez) edota gure seme-alabak zerbait egiten dabiltzanean (euren jarduera trabatzeko baino balio ez duten bost ogerlekoko ustezko irakaspenekin). Besterik gabe begira egotea etabelarriak zabalik egotea zer den ahaztua dugu. Inoiz jakin badugu, behintzat.

Hik Hasik antolatutako Eskola libreen inguruko ikastaro batean bigarren egunean ikaskide batek kontatutakoa datorkit burura. Ilobarekin hondartzara joan zela eta biek ura maite zutenez elkarrekin joan zirela bainua hartzera. Ikastaroan entzundakoak entzunda, ilobaren jardueran esku hartzen ibili beharrean, bakarrik behatzaile moduan egoteko ahalegina egin zuela kontatzen zuen, eta harrituta gelditu zela ikusitakoarekin. Zoragarria izan zela ilobak bere kabuz egiten zuena eta pausuz pausu lortzen zuena ikustea. Ilobarentzako nahikoa zela osabaren presentzia bera, hor zegoela ikustea lantzean behin. Presente egotea ez baita bertan gaudela nabarmentzea. Ariketa ederra da dudarik gabe, eta beharrezkoa ere bai esango nuke, inork eskatu ezean ezer egin gabe eta ezer esan gabe egotea, begira, behatzaile. Mundua gure esku hartzerik gabe nola doan aurrera ikustea. Ez diegula besteei irakatsi beharrik, nahikoa dela hor gaudela erakustea, segurtasuna ematea,maitasuna transmititzea. Argi ikustea ez garela horren beharrezkoak ez ordezkaezinak, baina gure presentzia bera garrantzitsua dela hainbatentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.