Eneko Gorri.
LARREPETIT

Mugi daitezke

2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Larunbateko indar erakustaldi denboran, bi sentimendu kontraesankor lehian sentitzen nituen. Egoeraren larritasunaren kontzientzia alde batetik eta blokeoa gainditzeko gaitasun inpresioa bestetik. Preso eta iheslarien gaia bi estatuen agendan lehentasunetan dela erratea gezurra litzateke. Baina errealitatea ez dezagun belztu: Baiona eta Bilboko mobilizazioek Paris eta Madrilen eragina izanen dute. Prisma hain zabaleko jendeen indar metaketa bat ikusteak frogatzen digu errepresioaren kontrako jarreran aspalditik arrazoi genuela eta Frantzia itsuki lerrokatzen dela mendeku politika zentzugabe bati.Baina besteak aitzin eta bakarrik arrazoi izateak ez du larritasun sentimendua haizatzeko adina pisu. Hor dira sakabanatuak ehunka preso eta erbesteratuak ehunka errefuxiatu. Hor da ere alde bakarreko urratsen prozesua. Hor dira, bukatzeko, estrategiaren inguruko barne zatiketak. Eta itsuskeria guzi horren erdian dira egoera guztiz gaitzesgarriak.

Horien artean da Lorentxa Guimont angeluarra. Eskubide urraketa hirukoitza pairatzen du: familiarekiko urruntasuna (633 km), 2014ko maiatzetik baldintzapeko askatasuna ukatua eta eri larri gisa beharrezkoa duen egokitzea ere bai. Nola ez ikusi jarrera horretan mendeku intentzio bat? Ministerio publikoaren deiaren ondotik, auzi berria iragan beharra da bihar. Epaileek beren eskuetan dute erabakia: legearen aplikazioa edo Madriletik etorritako agindu itsuari amen.

Bitartean, mobilizazioak segitzen du. Harriak mugiarazteko xede zuten dinamikek behintzat lerro politikoak higiarazi dituztela agerikoa da. Roazhon hirian egindako agerraldi anitza horren lekuko da. Euskal Herrian ere, ahots ohargarri batzuk ere altxatu dira. Indar metaketa hori burdin barrak zabaltzeko giltza izanen direla da parioa. Urgentzia hor da. Irabaziko dugu, ez indartsuenak garelako, baina gure borroka zuzena baita!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.