Kattalin Miner.
LARREPETIT

Musuak eta bostekoak

2016ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Elkarri musu eman omen diote Pablo Iglesiasek eta Xavier Domènechek Espainiako parlamentuan. Musu elkarri eman, non eta ahoan, eta asaldatu da telebista, iritzi publikoa eta eskuina (barka erredundatzia). Eta egia esan, hainbeste esku-estutze, bizkar-jotze eta gorbata artean, pozarren hartu dut elkar-musua.

Buruak konexio maltzurrak egiten ditu sarri eta kuriosoak besteetan, eta gerora Berlineko murruan marraztuko zuten Honeckerren eta Brezneven arteko musuaren irudia burura etorri zait lehenengo.

Akordatu naiz nola behin irakurri nuen, homosexualitate edo ez-gizontasun erasoei aurre egiteko edo, Honeckerren eta Brezneven musua «ohitura kultural» gisa izendatu zuten, eta ez ordea elkarren arteko maitasun (politiko, laguntasun dena delako) gisa.

Arnaldo Otegi ere atera zaigu behingoz argitara, eta besarkada sendoz hartu dute hurkoek eta gainontzekoek, baina ikusi ditut baita ere bizkarra lehertzeraino emandako kolpe eta astintze eder eta maskulinoen adierak. Normala, dena.

Ezkerra gauza askotarako, demagun gorbatarik ez eramateko, apurtzailea izan daiteke, baina maskulinitateak bere mugak oso argi erakusten ditu; izan ere, elkarri muturrik jango dioten gizon gutxi dugu gurean, ez Parlamentuan ez tabernan, ez familian. Baina ez hori bakarrik, beste irudi batek kolpatu nauelako horren atzetik, eta, hain zuzen, Uxue Barkosek kargua hartu zuen hartakoa etorri zait. Hain zuzen, politikaren ohiko irudiari jarraikiz, gizonez inguratua egin zuen zin eta arraroa eta batez ere nekagarria suertatu zitzaidan bi-musu-erronda amaigabea.

Beraz, Iglesiasen eta Domènechen irudiak poztu banau ere, eta maskulinitatearen esku-emate, bizkar-kolpe eta abarrak hausteko irudi ederra iruditu bazait ere, nahiago nuke behingoz emakumeok gizonei bostekoa emateko esfera posiblea bagenu. Baina, noski, maskulinitatearen kodeak ez daude gure esku, eta masailak lerdez betetzen jarraitu beharko bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.