Eneko Gorri.
LARREPETIT

Xutik

2016ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Udaberria hor dugu. Egunak luzatzen dira, itzulguneak loratzen, arbolak janzten eta plazak betetzen. Mobilizazio sozialak ere loratu ohi dira udaberrian, 68ko maiatza edo arabiar herrien altxamendua lekuko. Preseski, lanaren legearen kontrako mobilizazioen haritik, geroz eta herritar gehiagok gaua xutik igarotzeko engaiamendu kolektiboa hartzen du. A puntu batetik B puntu batera pankarta gibelean desfilatzearekin ez dute aski. Manifaren ondotik, ondokoa finkatu eta etxera sartzearekin ez dira asetzen.

Zahar, gazte, ikasle, langile, langabetu, paperik gabeko, artista, militante, poeta, kurios, bestazale... denak biltzen dira hala-holatsuko espontaneitatearekin, gau osoan eztabaidatzeko, sortzeko, amesteko. Ariketa ederra, berez, baina usaiak galdekatuz, izpiritu goganbehartsu batzuen mesfidantza ere pizten du. Azkenean, jende multzo hori ez baita lanaren legeak baztertu beharko lituzkeen neurriak eztabaidatzeko biltzen, lana bera zalantzan emateko baizik. Jende multzo hori biltzen hasten delarik, ez du baitezpada sekzioko buruaren gai ordena itxoiten, baina bi ordu pasa ditzake bilkura beraren antolaketa adosten. Eta horrela dira gauzak eraikitzen ere. Urratsez urrats. Ibiliz eginez bidea. Aitzinetik egindakoa automatikoki ez berreginez.

Ze sakrilegioa! Nork eman dio horretarako ahalordea? Nondik ateratzen dute esperimentatzeko zilegitasuna? 12 egun ez dira pasa metxa piztu denetik eta ezker muturreko pentsalari batzuk hasiak dira Occupy Wall Street eta Indignados esperientzietan izandako hutsuneak zerrendatzen. Kazetariek bozeramaile eskasa deitoratzen dute, sindikatuek borroken bateratze falta salatzen. Dena lasterregi doan mundu batean, mugimendu baten potentzialitatea ikusi aitzin, haren mugak agerian ematen dira. Udaberria hor dugu. Herritarrak xutik dira. Ausardia plazan da. Nola ez izan alai eta baikor?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.