LARREPETIT

Ados

Danele Sarriugarte.
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Eurenean batxilergo-ikasketak egiteko aukerarik ez eta tradizionalki gurera etorri izan direnez gehienak ez badira dexente, aspalditik ezagutzen ditut hainbat debar, itziartar eta lasturtar; adiskide ere min izan ditut zenbait.

Bertakoekin klasea konpartitu nuen garaian izan nuen halaber zeren (herri?) arteko zeraren (gatazka?) berri; koloretako kamiseta modura azaleratzen zen orduan: erdian lauki zuri bat, beltzez Herria Sortzen. Gero, denborak aurrera, bideak nahinora eta ni firin-faran nenbilela, hiru urte pasa eman dituzte auzoetakoek egitura administratibo propioa lortzeko lanean, maiatzaren 25eko galdeketan gailurra joz: parte-hartzea %72,7; Itziar, Itxaspe, Elorrixa, Mardari, Lastur, Endoia, Arbizkoa, Egia eta Arriola batuko lituzkeen auzo udal proposamenari baiezkoa %94,7.

Anabasan prentsak murgildu ninduen Bartzelonan atzera, «Itziar auzo udal izateko babesa ematea eskatu die EAk bere zinegotziei», orduantxe jakin bainuen kontuak kezka sortu duela debar batzuen artean eta plataforma martxan jarri dutela «adostutako Itziarko entitate txikiaren alde». Baina lehertu, jaietan lehertu zait, ostera, zera aurpegian: Kopraixetako playback mitikoko aldarrikapenetan, playbacka ikusten ikusi ez nituen debar mitikoetan, San Rokeetako zapi, txistu eta eztabaidetan. Herri bat aise erdibitzen dela badakigu.

Gora Deba plataformaren bultzatzaileek esanak irakurrita badirudi adostasuna dela hitz gakoa, edo akordioa. Gakoagoa neritzoke, hala ere, noren arteko adostasun eta akordioez ari garen zehazteari. Antza denez, debarren oniritzia behar baitute itziartarrek euren antolamenduari buruz erabakitzeko, (paralelismoa pertinentea ez ezik hain argigarria denez) euskal herritarrok frantziar eta espainiar estatuen oniritzia beharko genukeen era berean geureaz ebazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.