Julio Soto.
LARREPETIT

'-Ago'

2015eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Etengabeko konparaketa batean bizi gara. Etengabeko lasterketa bat bihurtu dugu egunerokoa, helmuga bakarra besteak baino koska bat gorago geratzea delarik. Bukatzen ez den lasterketa, bukatzen ez diren koskak.

Nekeza zaigu hirugarren pertsonan konparaketarik egin gabe hitz egitea (ezinezkoa juzgurik eman gabe). Gure ahoari dagoeneko nahi gabe ateratzen zaizkio A B baino -agoada, edo zuzenean B txarra da bezalakoak. Bat goratzeko bestea hondoratu behar izaten baitu gure mihi pozoituak. Hoskidetasunean ere lagun izaki ahoa eta -agoa.

Baina hirugarren pertsona gustatzen zaigun arren, lehen pertsonarekin bizi gara maitemindurik, geure buruarekin txoraturik, mozkorturik. Norberak bere burua maite behar duen kontzeptua gaizki azaldu zigutelako, edo gaizki ulertu genuelako. Elizatik gero eta urrutiago bizi garen arren, gero eta gehiago gustatzen zaigu paretan jarrita egoten diren santuekin identifikatzea, gure aurpegia dutela imajinatzea. Eta ondokoek igotzen ez bagaituzte koskaren baten gainera, guk geuk igoko dugu geure burua aldareren baten gainera. Ez du zertan aldare altu bat izan, gauza xumeenetan ere bestea baino -agoa sentitzeak elikatzen baikaitu.

Pentsa, konparaketak ondokoen minarekin egiteraino iristen gara. Hirugarren pertsonan, sufrimendua eskala batean neurtu baliteke bezala, norena den handiena, norena den minik minena alderatzen. Sarri, lehengo ekuazioari jarraika, Ak Bk baino min handiago du, edo zuzenean Bk ez du minik.

Baina lehenengo pertsonak ere parte hartu nahi izaten du jolasean. Beti azalduko da behatz bat hausten duzunean berak beso bat hautsi zuela gogoraraziko dizun norbait. Eta konparaketarik egiten ausartzen ez garenetan, beti egongo da berak ere min izan zuela gogoraraziko dizun norbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.