Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Egun argitan

2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ez dut gaia gertu-gertutik jarraitu, baina tartean behin iritsi zaizkit oihartzunak eta lehertu denean nahiko azkar izan dut kontuaren berri: Bill Cosby aktore estatubatuarrak aitortu du lo-pilulak eman zizkiela hainbat andreri, haiekin sexu-harremanak izan nahi zituelako. Alegia, titularra korapilatu duten arren, andreok bortxatu zituela. 40tik gora emakumek salatua zuten Cosby, auzibidea orain hamar urte zabaldu zen, eta duela gutxi egin da aitorpena publiko.

Bortxaketak baino (azken batean, aise esplikatzen baita gertaera: tipoak bazeukan dirua eta boterea, bazeukan egoeratik aski airos ateratzeko ospea eta eragina), beste zenbait kontu iruditu zaizkit interesgarri, Franchesca Ramsey bideo-blogari eta umoregileak lauzpabost txiotan argi azalduak.

Ramseyk salatu du bortxaketa-kulturak indarrean jarraitzen duela. Batetik, erasoaren berri eman duten emakumeen hitza ez da kontuan hartu, eta hainbat pertsonaia ezagunek soilik Cosbyk aitortu duenean esan dute zerbait gaiaren harira. Baina ez hori bakarrik, ez da isiltasuna bakarrik.

Bestetik, gainera, gezurretako salaketen mamua nahinora doa, eta aktorearen defendatzaile batzuek zuzenean andreak izan dituzte jomuga, esperientzia gogor baten ostean jazotakoa salatzeko bezain ausart izan diren andre horiek eurak, argudiatuta asmatu egingo dutela dena, diru-gose. Ramseyk azpimarratu du ezinbestekoa dela pentsamoldea aldatzea: ezin dugu erasoaren zama erasotuen bizkar ipintzen jarraitu, erasotuak berriro erasotzen eta lotsarazten segitu.

Azkenik, jai herrikoi autokudeatu eta guaietan orduak pasatzear gauden honetan asko, ezin aproposago dio Ramseyk gainditu behar dugula behingoz bortxaketak eta eraso matxistak soilik jende doilorrak egiten dituelako irudipena, kalezulo ilun eta bakartietan egin ere. Estimatzen duzun jendea ere izan daitekeela erasotzaile eta egun argitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.