maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Normaltasuna

2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Nortasun agiri deitzen dioten hori berritzera joan behar izan dut asteon. Duela bi hilabetetik nuen hitzordua hartua, irribarre bortxatuko argazkiak ere aterata, eta hor agertu naiz, munstro bat dirudien eraikin gris erraldoira, halako paperkeriengatik ez bada hurbiltzeak beldurra ematen ohi didanera.

Ez nintzen berantean, baina pauso urduriz joan naiz, eremu arrotzean sartzera doana nola. Ene inguruan urduritasunik ez, ordea. Herritar ugari sartu-irtenean, normaltasunez zihoazen, ni bezala, iraungitako paperak berritu edo galdurikoen parte ematera. Metalen detektagailutik pasarazi nau beltzez jantzitako gizonak, «Hola, Buenos días» batekin, lasai. Aurrerago, emakume xarmant batek egin dit harrera: arrandegian bezala zenbakia eman, eta bosgarren mahaira bidali nau, segidan.

Berehala egin ditut tramiteak beste emakume jator batekin. Helbidea aldatu ote dudan, datuak ongi ote dauden... Halako galdera arruntak egin dizkit, dokumentu berrian txukun jartzeko argazki gaurkotuarekin batera. «Telefono zenbakia?». Eta eman egin diot, bi aldiz pentsatu gabe. Zertarako behar duten galdetuta, agiria galduz gero abisatzeko dela. «Total, bestela ere edukiko dute nahi badute», nirekiko. Hatz markak ere hartu dizkit: eskuinekoa, ezkerrekoa, eta berriro bata eta bestea, geldirik, biratuta...

Paper bat eman dit gero, agiria Internet bidez erabil dezakedala azaltzen duena. Batetik gazteleraz, bestetik euskaraz. Eta, bukatzeko, espero ez nituen «Eskerrik asko!» eta «Agur!» hitzak ahoskatu ditu alai, euskara jatorrean. Agur erran diot nik ere, eta fite egin dut buelta etxera, normaltasunaren patxadaz pixka bat kezkatuta. Nahiago izanen nuen gazteleraz agurtu banindu; gaizki begiratu balidate ere, agian. Arrotz sentitu naiz normaltasun erabatekoan. Etxera iritsitakoan begiratu diot agiriari: hor ere ESPAÑA jartzen du, normal-normal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.