Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Erabakiak

2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Larrik uste du arriskatu egin behar dudala. Badaki, gauzak gaizki ateratzen badira, berea dela joko dudan lehenengo edo bigarren atea, baina berdin dio. Begoñak eta Anderek askotan ikusi naute lau hormen artean botatako suziriaren antzera: noraezean. Horregatik esan didate, orain ere, itxaroteko. Nik, ordea, ez dakit astirik daukadan aldekoak eta kontrakoak balantzan jarri eta erabakitzeko. Iratxerengana joan naiz. Ez dugu zalantzez eta aukerez askorik hitz egin, baina geure buruaz barre egin dugu. Kafea hoztu denean konturatu naiz agian nik arazotzat dudan hori ez dela hainbesterako. Arnasa hartzeko bidea topatu dut Iratxeren ondoan, baina behar dut norbaitek esatea egingo dudana guay dagoela. Pilitxuk ez dit sekula hanka sartzeko eskubiderik ukatu. Zertan ari naizen galdetu dit asteroko ardoaren bueltan, eta nire pelikula kontatu diot. Nik nahi dudana hori bada, bera ados dago. Tabernatik etxerako bidean pentsatu dut hori ere ez dela nahikoa zirt edo zart egiteko, eta Estitxuri idatzi diot. Komeni zaidanaz eta ez zaidanaz hitz egin dit. Neurtu ditut batzuk eta besteak, baina nire barruan enpatea egin dute. Hasieran bezala gelditu naiz. Larrirengana jo dut berriro, eta jasotako erantzunen sintesia egin diot. «Egin zeuk nahi duzuna», esan dit: «mila pertsonari galdetuta ere, zeuk nahi duzuna egingo duzu, Onintza, betiko moduan». Arrazoia, berriz ere. Inoren babesa behar izaten dugu askotan erabakiak hartu aurretik. Badirudi, gauzak gaizki aterako balira edo, ardura hasieratik konpartitzen saiatzen garela, edo norbaitek zuzen gaudela esatea behar dugula. Azkenean, baina, erabakiak norbereak dira. Beraz, erabakia hartu egingo dut, eta lortutako emaitzaren arabera, erabakiak hartu aurretik zoratu ditudanengana joango naiz negar egitera edo bizitza ospatzera. Elkarren ondoan egongo ginela erabaki baikenuen aspaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.