Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Keinuak orain, erabakiak gero

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ikasle alferrei gertatzen zaiena gertatzen zaio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. Dena azken uneraino uzteko ohitura horren ondorioz, ikasturtearen amaieran lana pilatu egin zaiola, eta, ikasle nagiei bezala, zaila izango duela probetxuz- ko ezer egitea. Errua eguraldiari edo irakasleei bota beharrean, Sanchezek independentista berekoiak egin nahi ditu bere gabezien erantzule. Baina, saiatuta ere, ezin du erantzukizun nagusia bere bizkarretik kendu: berak erabaki du legealdia amaitzea, lanak hasi berritan edo erdizka dituela. Neurri handi batean, bere politikak indarrean jarri beharrean,politika egitea hobetsi du, hizki txikiz. Erreformak, lege proiektuak, planak eta halakoak oso ongi daude, baina, salbuespenak salbuespen, politikari gehienen lehen helburua da hurrengo hauteskundeak irabaztea. Eta, kasu honetan, zirkunstantziek (aurrekontu proiektuaren porrotak) eta, batez ere, PSOEren kalkulu elektoralek ekarri dute Espainiako Gorteetarako hauteskundeak apirilean egitea. Ondorioz, Sanchezen iragarpen eta asmo on gehienak hori besterik ez dira izan: iragarpenak eta asmo onak.

Sanchezek argudia dezake matematikak ez zituela alde, eta arrazoi du. 350 kideko ganbera batean 84 kiderekin gobernatu nahi izateak dakar edozein aldapatxo Tourmalet bat bilakatzea. Unidos Podemosek, oro har, morroi lan ona egin dio, eta EAJrekin ezingo du asko kexatu, baina tropelburu jarri zuten besteekin harreman tirabiratsua izan du; ezin besterik izan, funtsezko gaietan oposizioaren tesiak besarkatzen dituenean.

Baina aritmetika parlamentarioaren zailtasunak nekez esplika dezakete bidean geratu diren asmoen zerrenda luzea. Mozal legea indargabetzeko saioa Kongresuko tramitean urtu da; ohorezko tenpluan jarraitzen du Francoren hilotzak; ez dago pentsioak eguneratzeko sistema berririk; ez da ageri erkidegoen finantzaketa berriaren aztarnarik... Arlo ekonomikoan, domina bakar bat jar dezake paparrean: gutxieneko soldata 900 eurora igotzea. Baina ez dator gaizki oroitzea zer agindu zuen 2014. urtean: «Hurrengo gobernu sozialistaren lehen neurria izango da Rajoyren lan erreforma indargabetzea, langileen eskubideak berreskuratzeko». Bada, abenduaz geroztik badu akordio bat CCOOrekin eta UGTrekin erreforma horren atal batzuk aldatzeko; besteak beste, mugagabeko ultraaktibitatea eta sektoreko lehentasuna berrezartzeko. Baina, patronalaren oniritzi ezinezkoaren esperoan, tiraderan jarraitzen du proiektu horrek.

Baliteke hurrengo astean aurkeztea lan erreformaren erreforma, baina keinu huts izateko arriskua dago, hauteskunde bezpera arte itxarotea ez baita formula ona inoren babesa eskuratzeko. Berdin gertatuko zaio joan den astean aurkeztutako trantsizio energetikoaren legegai interesgarriari.

Porrotak, garaipen

«Parlamentuko porrot batzuk garaipen sozialak dira, herritarrek ikusi ahal izan dutelako zein den gobernuaren bide orria», esan zuen Sanchezek hauteskundeak deitzerakoan. Funtsean, askok susmatzen zuten bezala, azken bederatzi hilabeteak Sanchez hautagaiaren hauteskunde kanpaina partikularra izan direla. Zer egin nahiko lukeen erakutsi du, baina zerbait egiteak dakarren kostua bere gain hartu gabe.

Kanpaina hori arrakastatsua izan dela iradokitzen dute inkestek. 2015eko eta 2016ko hauteskundeetan PSOE alderdi garaitu bat izan zen, eta auzitan zegoen bere nagusitasun historikoa bere burua ezkerrean kokatzen duten taldeetan; 2019ko bozetatik, berriz, indarturik aterako da, ezkerreko itzala txikituta, eta itzalik gabe eskuinean, PP-C's-Vox hirukotea oso urrun joan baita esentzia kontserbadoreak bilatzera.

PSOEren eta Sanchezen arazoa da agian gutxirako balioko diola garaipen horrek. Txarrenean, ikusiko dute eskuinak gobernua osatu eta pendulua are eskuinerago jarriko duela; onenean, azken hilabeteotan taldekide uzkur izan dituztenekin lan egitera kondenatuta daude. Bigarren aukera nagusitzen bada, ohartuko dira keinuak ongi daudela, baina ez direla nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.