xabier martin
GEURE KONTU

Nork jarri joarea aberatsen katuari

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Forbes-ek munduko aberats handienen zerrenda argitaratu duen aste berean ohiz kanpoko eskakizun bat plazaratu du NDF Nazioarteko Diru Funtsak: munduko herrialdeei proposatu die aberatsentzako zerga berezi bat sortzea aldi baterako, pandemiak eragin duen aparteko egoera dela eta. Estatuen defizitaren eta zorraren gorakada handia izaten ari da, gobernuak ezohiko laguntzetara jotzen ari direlako, enpleguari ahal den neurrian eutsi nahian, eta gero eta handiagoa den desberdintasunaren mutur okerrean geratu direnak ito ez daitezen behin betiko. NDFko zerga gaien ataleko buru Vitor Gasparrek ahoan bilorik gabe esplikatu du egoeraren larritasuna: «Pandemiaren aurretik zeuden desberdintasunak handitu egin dira azken urtean»; eta ohartarazi du, entzun nahi duenarentzat, injustizia gehiegi puzteak zibilizazioa zibilizazio denetik ekartzen duen arriskua zein den: «Haustura soziala eta politikoa ekar dezakeen gurpil eroa sor daiteke».

Bitartean, Forbes aldizkariak muturreko aberastasunaren orgian txapeldun direnen izen-abizenak ezagutarazi ditu, Jeff Bezos (149.000 milioi euro), Elon Musk (127.000 milioi), Bernard Arnault (126.300) eta ohiko beste susmagarri batzuenak. Amazon, Tesla eta LVMH konpainien buruek bezala, beste aberats askok ederki baino hobeto baliatu dute pandemiaren urtea beren funtsak handitzeko. Izan ere, inoiz baino aberats gehiago dago munduan 2020. urteaz geroztik, 1.000 milioi eurotik gorako jabetzekin: 2.755 hain zuzen (+660), eta denen artean 11 bilioi euro pilatu dituzte (+%40).

Izotz mendiaren punta baizik ez den poltsa horretatik behar sozialetara nola eraman zati bat, hori da NDFren proposamenaren atzean dagoen galdera, kezka eta hausnarketa. Munduko aberatsenek estu hartzen dituzten gobernuen sistemak ere jakin behar baitu dosifikatzen bere desira neurrigabea, sistemak iraun dezan. Bada, azken urteetan, kezka globala bihurtu den auziari bide emateko ekinaldien artean berebiziko garrantzia hartzen ari da AEBetako Altxortegiko idazkari Janet Yellen defendatzen ari dena: gutxieneko zerga bat ezartzea enpresentzat, mundu mailan. Aberatsak, onddoak bezala basoan ez, baina multinazionalen itzalean sortzen eta hazten baitira, gehiegitan zerga gutxiegi pagatzen dituzten konpainien gerizpean. Ingeniaritza fiskalaren abantailei buruz galdetzea besterik ez dago Jeff Bezosi, Elon Muski eta enparauei, baina baita hurbilago dauden hainbat eta hainbat enpresariri ere, Forbes aldizkarian azaldu ez arren.

Salmentak zergapetu, ez irabaziak

Zergei ihes egiten aspaldian ikasitako multinazional teknologikoei bidesari bat jartzen saiatu dira azken urteetan Europako Batasuneko zenbait kide, Frantzia buru dela Google tasa esan diotenarekin. Baina Trump sartu zen bete-betean gerra horretan ere, muga zergen kanoiarekin. Bidenen administrazioak, ordea, urrats bat egin nahi duela ematen du: proposamen bat egin dio OCDEri multinazionalak zergapetzeko. Hain zuzen, Frantzian, Espainian, Italian eta beste leku batzuetan martxan jarritako Google tasaren bidetik doa: enpresen irabaziak ez, baina herrialde bakoitzean egindako salmenten araberako tasa bat ezartzea da ideia.

Baina Bidenek, Yellenek zabaltzen duen bidean, urrutirago joan nahi duela adierazi die OCDEko herrialdeei, enpresen irabaziak ere zergapetu nahi ditu-eta gutxieneko batekin. Trumpek %35etik %21era jaitsitako sozietate zerga %28ra igo nahi du, eta, hobari guztiak kontuan hartuta ere, gutxieneko tasa bat jarri nahi du, enpresek ez ditzaten irabaziak paradisu fiskaletan ezkuta.

Ez da erraza izango mundu mailako gutxieneko tasa bat ezartzea enpresei, baina, pandemiaren olatuarekin ez bada, nekez iritsiko da helmugara horrelako helburu bat. Etxean, EAJk eta PSEk baztertu egin dute «zergak igotzea, orain»; ikusi beharko da OCDEn garatzekoa den egitasmoak zer-nolako eragina duen euskal ogasunetan. Bitartean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba izango dira aurrerantzean ere bigarren, hirugarren eta laugarren Espainiako erakargarritasun fiskalaren zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.