Exijitu zaien baino prestuago

Alemaniara ailegatu errefuxiatuen artean, siriarrak dira hezkuntzarik jasoenekoak. Lan merkatuan beren tokia eskuratzeko plan zehatzekin abiatu zuten askok bidaia.
Humam Aluji (ezkerrean) eta Taha Al-salammah bizkor ari dira Berlinen integratzen, bertako adiskideen laguntzarekin.
Humam Aluji (ezkerrean) eta Taha Al-salammah bizkor ari dira Berlinen integratzen, bertako adiskideen laguntzarekin. D.A.

D. Agirre -

2016ko abuztuak 27
Azaroaren 23an, aleman eskoletan hasi nintzen. Lanerako elkarrizketa bat ere banuen, eta hartu egin ninduten. Nire urtemuga da azaroaren 23a». Burokraziaren katebegi bakoitza noiz osatu zain egon balitz, Taha Al-salammah Brandenburgoko aterpetxeren batean legoke beharbada oraino, gizartetik bakarturik eta asper-asper eginda. Joan den abuztuan pasaporte faltsu batekin hegazkinez Alemaniara iritsi, eta horrela eman zituen lehenbiziko asteak, gune bakartuetan, herrikide siriarrak, funtzionarioak eta urgazleak ez ziren inor ezagutu gabe. Gobernuak bere iheslari politiko izaera aitortzearekin, ordea, etorkizuneko asmoak gauzatzeari ekin zion, plan ofizial ohikoari lasterbideak bilatuta. Berlinen, lagun batzuen etxean ostatu topatu, eta bere kasa hartu zion tenperatura lan merkatuari. 24 urterekin, ingeniari zibil lizentziatu berria da Al-salammah, eta planoz betetako karpeta bat besapean duela ailegatu da elkarrizketara. Oraindik ez du hizkuntza erabat menderatzen, baina bere enpresari ez zaio inporta izan.

Errefuxiatu siriarrek dute, tarte handiarekin, Alemaniak jasotako guztien artean hezkuntza maila altuena. BAMF gobernuaren migrazio bulegoaren datuen arabera, haietatik ia laurden batek dio karrera edo gisako goi mailako ikasketak osatuak dituela —ingeniariak edo sendagileak dira gehienak—, eta %3 bakarrik dira oinarrizko hezkuntzarik gabeak. Gerra piztu baino lehen, 15 urte bete arte derrigorrezko eskolaratzea zegoen indarrean Sirian. Alemaniaren beraren antzeko estatistikak dira. Ahots kritikoek diote, halere, PISArekin bateraezinak direla zenbakiok, eta errefuxiatu lizentziadunek ez dutela europarren prestakuntzarik.

Al-salammahren kasuan, ikasketak osatzea odisea amaigabe batean fruitua izan zen. Assaden erregimenak Deir ez-Zor hiriko bere aitaren enpresa desjabetu ondoren, Saudi Arabiara egin zuen familiak. Hirutan pasatu zen handik, eta Egipton eta Turkian ere egin zituen egonaldiak. Azkenean, Zipreko unibertsitate batean eskuratu ahal izan zuen titulua: «Gertatzen zena gertatzen zela, gurasoek ez zuten nahi trebatzeari uzterik».

404 euro gastuetarako

«Ez gara oporretara etorri», errepikatzen du Humam Aluji bere lagunak esaldi oro. Ingeniaria da hura ere; 25 urte ditu. Soldaduska egitera —gerrara— deitu zutenean utzi zuen Damasko, lagun askok bezala. Inguruko herrialdeetan —Libano, Irak— lanerako baimenak eta baldintza egokiak topatzeko zailtasunengatik erabaki zuen Alemaniara egitea. Greziako eta Balkanetako ibilbidea igarota iritsi zen. Ez ditu gogoratu nahi aste horiek, eta oraindik Sirian dagoen anaia gazteari galarazi egin dio berak egindakoa errepikatzea: «Izugarri mingarria da oroitzapena».

Ailegatu eta Ekialdeko Alemania zenaren armadaren eraikin batera bidali zuten, Saxonia-Anhalten, ehunka herrikiderekin batera. Oinez 45 minutura zegoen gasolindegi bat zen zibilizazioarekin zuten kontakturik hurbilena. «Ez dut ulertzen zergatik ipintzen gaituzten landaguneetan. Integratzeko eta lan egiteko aukerak dauden tokietan behar genuke. Umezurtza den 18 urteko mutil bat zegoen aterpetxean, eta haren anaia zaharragoa Alemaniako beste puntara bidali zuten. Lotsatia zen, eta depresioak jo zuen», kexu da Aluji.

Al-salammah bezala, bere kasa logela bat lortu bezain pronto mugitu zen Berlinera Aluji: «Enpresa handienak Alemanian daude, autogileak, Siemens, Bosch eta halakoak. Aukera onak daude ingeniarientzat, eta horregatik tematu nintzen aldatzearekin, lanpostuak dauden tokian egon nahi nuelako». Ahalik eta lasterren beharrean hasi nahi luke, baina, lanbide bulegoak aleman eta integrazio ikastaroei lehentasun osoa ematen dienez, ez zaio hain erraza ere suertatzen ari lanaldi erdia edo praktika batzuk aurkitzea. Alokairuaz eta aseguru medikoaz gain, 404 euro jasotzen ditu hilero bere gastuetarako. «Sistema osoa dago hizkuntzarekin lotuta, eta horretan dut arreta. Neure kontu lan bila ere jarraitzen dut, halere, eta, zerbait jakina irtengo balitz, biak bateragarri egitea espero dut», dio Alujik.

Oro har, halaz guztiz, Alemaniak egin dien harrerarekin eta erakundeek eskaini babesarekin esker ona besterik ez dute biek. «Alemania leku oso ona da», azpimarratu nahi du Al-salammahk, «jendea adeitsua da gurekin, batez ere hemen, Berlinen, eta jasotakoa bezainbeste itzuli nahi genuke gutxienez».

Harrera sare pribatuak

Siriako bi ingeniariek ez dute ezagutzen integrazio lege berriaren letra xehea. Ikasgelan azaldutako ezer ez zaie zentzugabea iruditu, ordea: «Oso argi uzten digute zein den legedia» nabarmendu du Alujik. Urtezaharreko Koloniako sexu erasoak aipatu, eta irmo jarraitu dio. «Horrelakoak ez dira gizatalde batek egindako delituak, gaizkile jakin batzuenak baizik, zoritxarrez gizarte guztietan daudenak» gaineratu du.

Lagunarte alemaniarretan txertatzea baino metodo eraginkorragorik ez dago Berlinen bertakotzeko, Al-salammah eta Alujiren aburuz. Horretan ere zortea dutela diote. Tokikoen etxeetan afaltzeko eta parrandara irteteko gonbitak dituzte etengabe: «Berlinen jende mordoa ari da gu bezalakoez modu pribatuan arduratzen», zehaztu du Alujik. Ramadanean gauez otordua egiteko hitzordua zutela eta, egun osoa baraurik igarotzea hitzeman zuten adiskide alemaniarrak ere badituzte. Biek ez zuten sinetsi ahal, baina agindutakoa bete zuten lagun berriek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna