Arrauna. Kontxako Bandera

Hauek daude urdurien

Sailkatu edo ez zalantzan daude, besteak beste, Ondarroa eta San Pedro gizonezkoetan eta Tolosaldea emakumezkoetan. Bakoitzak berea ondo egiteari eman dio garrantzia.

Goian, Ondarroa; eta behean, Tolosaldea. JON URBE-FOKU / JOSU Z.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Arraunlari guztiak egoten dira urduri Kontxarako sailkatzeko estropadaren atarian, baina batzuk besteak baino gehiago. Sailkatzeko hautagai sendoenak izan gabe aukerak dituztenak egoten dira urdurien. Ondarroa eta San Pedro gizonezkoetan, hari mehe baten gainean ibil daitezke sartu edo ez sartu, esate baterako. Iñaki Errasti (Usurbil, Gipuzkoa, 1979) ondarroarren arraunlari eta entrenatzailea konfiantzaz dago Kontxan sartzeko 22 urteren buruan. Xabier Ostolaza (Orio, Gipuzkoa) San Pedroko arraunlariak ere itxaropentsu begiratzen dio gaurkoari, zailtasunak onartu arren.

Emakumezkoetan, Tolosaldean aparteko ilusioa dago sailkatzeko, hamar urteren ondoren trainerua berreskuratu duten denboraldian. 2008ko hartan, lehen edizioan, ez zuen lortu lau aukeratuen artean sartzea. Malen Oiarzabal arraunlariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1999) aukerak ikusten dizkio taldeari aurten.

MALEN OIARZABAL



Tolosaldeako arraunlaria

«Mugan gaudenon artean, huts gutxien egiten duena sartuko da»



«Hankak lur gainean dauzkagu, eta badakigu zaila izango dela, baina ezinezkoa ez. Ondo prestatuta gaude, eta udan erakutsi dugu gai izan garela bandera bat irabazteko ere ETE ligan. Erlojuaren aurka irabazi genuen, eta ondo moldatzen gara gaurkoa bezalako lanetan. Oso garbi daukagu zer egin beharko dugun sailkatu ahal izateko: estropada ona egin. Hautagai dezente gaude pare bat lekutarako, eta huts gutxien egiten duenak eramango du saria. Multzo honetan Galiziako txapelduna ere sartuko nuke, Riveira, dakigunez oso indartsu datorrelako».

IÑAKI ERRASTI



Ondarroako entrenatzailea

«Orain artekoa ikusita, guk onena eginez gero, barruan behar genuke»



«Sekulako gogoarekin gaude, eta, ustez, udako sasoi punturik onenean. Hortaz, lan ona egiteko moduan gaude. Gure lana dakigun bezala egiten badugu, barruan behar genuke, orain artekoa ikusita behintzat. Baina, gerta daiteke guk gurea egin arren ere, ez sailkatzea, beste batzuek ere lan ona egin dutelako. Ez daukagu presio berezirik sailkatzeko. Gure arraunlariak horrelako egoera batean ez dira askotan egon, baina ez gaitu kezkatzen; oso zentratuta gaude gurean. Zazpigarren lekurako Kaiku, San Pedro eta gu gara hautagaiak, baina kontuz ibili Isuntzarekin, adibidez, itsaso mugituarekin asko ibiltzen delako».

XABIER OSTOLAZA



San Pedroko arraunlaria

«Badakigu zaila izango dela, baina itxaropena ere badugu»



«Animo handiarekin gabiltza. Jakin badakigu ez dela erraza izango, eta zaila dugula sailkatzea, baina, aldi berean, itxaropentsu gaude. Ezinbestekoa izango da guk gure lana ondo egitea, hori egin ezean jai izango dugulako. Hiru hautagai gaude zazpigarren lekurako: Kaiku eta Ondarroa dira beste biak. Ligan, hirurok irabazi izan diogu elkarri, eta, Ondarroak askoz puntu gehiago batu baditu ere, ez dago aparte gugandik. Kaiku menderatuko dugu guk gure lana egiten badugu. Isuntza hautagai jotzen duenik ere bada, baina ikusi egin behar da nola ariko den. San Pedro eta zortzigarren lekuaren madarikazioaren inguruan, kontu hori ez dugu askotan aipatzen gure artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.