Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Morrontza, kaosa edo erreferenduma

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Duela gutxi ezinezkoa zirudiena aterabiderik egokiena bihur daiteke Erresuma Batuan: bigarren erreferenduma brexit-ari buruz. 2016ko ekaineko galdeketan hausturak irabazi zuenetik, Downing Streeteko lehen ministroak lehenengo aldiz ahoskatu du brexit-a ez gauzatzeko aukera. Urakan politikoaren erdi-erdian, Theresa Mayk hiru aukera ikusten ditu Londresko zeruertzean, eta ez bi: Bruselarekin adostu duen akordioa onartzea, akordiorik gabeko haustura gogorra, edo, eta hona hemen nobedadea, «brexit-ik ez izatea».

Lehen bi aukerak modu gordinagoan izendatu zituen Jo Johnson ministroak —Boris Johnson brexit zale sutsuaren anaia da, baina EBn jarraitzeko kanpaina egin zuen— azaroaren 9an, Mayren akordioa irakurrita dimisioa eman zuenean. Haren esanetan, Mayren itunak bi aukera baino ez dizkie laga britainiarrei, zein baino zein txarragoa: «morrontza» —Erresuma Batuak EBko legediak betetzen jarraitzea, baina instituzioetan ahotsa eta boto eskubidea galduta— edo «kaosa»—martxoaren 29a ailegatzea, hausturaren eguna, eta akordiorik gabe egitea zatiketa, horrek lekarkeen kolapso ekonomikoarekin eta sozialarekin—.

Bi aukerok alderdi politikoen artean daukaten babes eskasa ikusita, bigarren galdeketaren aukera hodei mardulen artetik ateratako argi izpi moduan sumatzen hasi dira gero eta herritar eta politikari gehiago. Hiru lehen ministro ohik defendatu dute bigarren galdeketa egitea —John Major kontserbadoreak, eta Tony Blair eta Gordon Brown laboristek—, eta Jo Johnsonek gauza bera egin du asteon. Galdera bota die, gainera, bigarren erreferendumak zilegitasun demokratikorik ez lukeela diotenei: «Zer da demokratikoagoa, duela hiru urteko botoari kasu egitea, zeina idealizatutako brexit baten promesetan oinarritu baitzen, ala orain ematea botoa, jakinda brexit-ak benetan zer dakarren?».

Labirinto gero eta bihurriagoa

Ikaragarri ari da bihurritzen labirinto britainiarra, eta nekeza da digeritzea gobernuaren itzulipurdi politikoa. Egia esan, gaur-gaurkoz, hiru aukerek dirudite gertagaitzak —itunak, itunik ezak eta galdeketak—, baina, oraingoz, hirurak dira gertagarriak.

«Morrontza». Mayk hilabete barru eramango du ituna Westminsterreko parlamentura, eta ez dauka ziurtatuta babesa. Oposizioa kontra du; alderdiko zati handi bat ere bai. Brexit zaleak eta europazaleak aldi berean gogobetetzeko ahaleginaren emaitza da EBri atera ahal izan dion ituna. Baina, Pillarditek zioen bezala, ehiztari abilenari ere ezinezkoa zaio gezi bakarraz bi jopuntu desberdinen erdian asmatzea.

«Kaosa». Parlamentuak Mayren ituna atzera botatzen badu, erlojua ez da geratuko, eta martxoaren 29a irteerarako akordiorik gabe iritsiko litzateke. Agertoki horri diote beldurrik handiena kontserbadoreek eta laboristek, izan brexit zale, izan europazale. Beldur horrek bultzatuta gerta daiteke aurkari batzuek babesa ematea Mayren itunari, nahiz eta uste izan umiliagarria dela Erresuma Batuarentzat. Baina, beldurra gaindituta, legebiltzarkideek eusten badiete orain arteko uste sendoei, itunik gabeko haustura gogorra etorriko da.

Eta horrek inoiz baino indar handiagoa emango lioke bigarren erreferenduma egiteko aukerari, nahiz eta horretarako EBk onartu beharko lukeen 50. artikuluaren aplikazioa martxoaren 29tik harago atzeratzea. Estrata bat izan daiteke, kale itsu asko zeharkatu eta gero. Jakina, galdeketara iritsi baino lehen egoera gehiago konplika daiteke, Mayk hauteskundeetara deituta; baina Downing Streeterako bozketa, de facto, bigarren erreferendum bilaka daiteke, hautatzeko hiru aukerarekin: Mayren ituna, itunik bako haustura, edo EBn geratzea orain arteko baldintzetan.

Eta, bitartean, Mantxako kanalaren beste aldean, Europako Batasuna eroso ari da ikusten ikuskizuna, behingoagatik kalapita eta zatiketa ez daudelako Bruselan, adabaki politiken hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.