Albistea entzun

Ibarretxeren formula

Lehendakari ohiak azaldu du kulturak balio erantsi gisa funtzionatzen duela ekonomia globalean: «Lokaletik erantzun behar da».
GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2019ko azaroak 15 - Donostia

Herrialde bat, zenbaki bat. Izan BPGarena, inflazioarena ala gastu sozialarena. Ekonomialariek gustuko dituzte halakoak, rankingak egiteko, herrialdeak definitzeko. Eta zifren atzean, formulak, eta horren itxura duten adierazpideak: I+G+b, adibidez. Horrek ere erakusten du herri bat nolakoa den. Baina batuketa hori «hobea» litzateke beste aldagai bat gehituz gero: «Kulturaren k». Horixe defendatu zuen atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean. «Gizarte global batean kokatzeko bide bakarra dago: erantzun lokala: I+G+b+K».

UEU Udako Euskal Unibertsitateak berreskuratu du 1980ko hamarkadan saiatutako egitasmoa: «ekonomista euskaldunen komunitatea biltzea, eragiteko», UEUko zuzendari Kepa Sarasolaren hitzetan. Orduan posible izan ez zena atzo biziberritu zuten, Donostian: ekonomia patriarkala, ekonomia zirkularra, robotizatzea eta beste hainbat gai jorratu zituzten, egun osoan.

Ibarretxe «doktoreari» egokitu zitzaion sarrera. Aurretik, Martin Azpilkueta XVI. mendeko ekonomialari nafarrari buruz mintzatu zen Oskar Arantzabal. Hari egozten zaio «erresuma ez da erregearena, herriak du agintea» esaldia. Haren eta Ibarretxeren ideien arteko loturak gorabehera, funtsean, 2010ean aurkeztu zuen tesian oinarritu zuen bere hitzaldia lehendakari ohiak.

Ibarretxeren arabera, egungo egoera ekonomikoaren ezaugarri nagusiak dira «justiziarik eza» eta «ustekabeak». Eta horren oinarrian dagoena da, haren ustez, «diagnostikorik eza». «Hori gabe zertarako errezetak?». Erantzun bila, Ibarretxek askotariko erakundeen kopuruak eta intelektual eta gizarte eragileen aipuak tartekatu zituen. «Desberdintasun sozialak giza eskubideen urraketa bat dira: ekonomia honek hil egiten du». Frantzisko aita santuarena, adibidez. «Esaldi hori oso berritzailea da», azpimarratu zuen.

Horri aurre egiteko, zer?: «Beste mundu bat posible da?», galdetu zuen Ibarretxek. Eta hori erantzuten saiatu zen «lagun min» zuen Jose Saramago idazleak behin esandakoak gogoan: «Kontzientzia da gakoa, eta hezkuntza: jakintzatik ulermenera egin behar da jauzia». Horretarako, nork beretik egin behar duela, «mundua Euskal Herriko leihotik ikusi» behar dela azpimarratu zuen Ibarretxek. Alegia, formula berak ez duela berdin funtzionatzen leku guztietan, kulturaren aldagaia aplikatu behar dela. Eta beste aipu bat, Manuel Castells globalizazioaren soziologoarena: «Ekonomia guztiak dira kultura».

Mundu globalizatuan nola

Gastu sozialaren defentsa irmoa egin zuen lehendakari ohiak bere hitzaldian. «Zergetan definitzen da herri baten helburua». Eta azpimarratu zuen lehiakortasuna eta ongizatea kontzeptu antagoniko gisa aurkezten dituztenekin ez dagoela ados. «Zenbakiek erakusten digute gastu sozialean gehien inbertitzen duten herrialdeak direla ekonomia hobea eta sanoagoa dutenak, eta erreskatatuak izateko behar gutxiago dutenak».

Datuak erakutsi zituen, halaber, eta azpimarratu giza garapenean eta berrikuntzaren alorrean hoberen dauden hamar herrialdeetatik gehienak «txikiak» direla azpimarratzeko —Suitza, Irlanda, Norvegia, Suedia...—, eta Joseph Stiglitz ekonomistaren hitzekin jantzi zuen hori. «Globalizazioari etekinik handiena atera diotenak dira beren etorkizunaz jabe egin direnak». Eta zenbakiak, berriro, erakusteko geroz eta estatu gehiago daudela Europan eta munduan, eta hirutik bi azken 70 urteetan sortuak direla. «Gure esku dago horretan jokatu nahi dugun ala ez».

Ibarretxek azpimarratu zuen herrialde txikietako gizarteak, oro har, homogeneoagoak direla, konpromiso handiagoa dutela berdintasunarekin, eta malguagoak direla, errazago egokitzen direla aldaketetara, berritzaileagoak direla. «Baina garrantzitsuena ez da tamaina, barruan dagoena baizik: kultura». Haren ustez, hori da globalizazioak izan duen paradigma aldaketarik nabarmenenetakoa: «Norekin dauden hautatzen hasi, eta hautatu bihurtu dira herrialdeak. Eta horretan gakoa da kultura». Ibarretxeren arabera, globalizazioaren atzean dagoen ideologiak identitate nazionalak deuseztatzea du helburu. «Gure kultura alde batetara uzten badugu, ez badugu munduko plazan kokatzen, ekonomikoki eta sozialki besteen gregarioak izango gara».

Hori lortzeko, berriz, Euskal Herriak «herria eta instituzioak» dituela azpimarratu zuen. Baina ohartarazi zuen Hego Euskal Herriko autogobernu ekonomikoak —kontzertu eta itun ekonomikoak— indarrik ez dutela burujabetza politikorik gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Fancisco Azpiazu idazkari nagusia. ©Monika Del Valle / FOKU

CEBEKek enpresen lehiakortasuna handituko duen zerga erreforma eskatu du berriz

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko patronala «absentismo» maila altuarekin kezkatuta dago, baina onartu du langileen zahartzeak eragina duela.

Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. ©Marisol Ramirez / Foku

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Iker Aranburu

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina hori da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Siemens Gamesa, Eguesibarren (Nafarroa). ©Jagoba Manterola / FOKU

Siemens Gamesari galerak bikoiztu zaizkio urritik abendura, 884 milioi euroraino

Joxerra Senar

Taldearen arabera, instalatutako haize errotak berraztertzean atzemandako hutsegiteek eta inbertsio eta finantzaketa kostuen igoerak eragin dituzte emaitza txarrak.

CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, Bizkaiko metalgintzarako lan itun duin bat eskatzeko. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko metalgintzako langileen gehiengoak itun berria onartu du

Imanol Magro Eizmendi

CCOOko, LABeko eta UGTko afiliatuek ontzat jo dute Jaurlaritzaren azken proposamena barne bileretan. Lau urtean soldata %15 igotzea adostu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...