Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Oporrak

2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Betiko lagunen bizitzek batzuetan urrutiko hirietan aurrera jarraitzen dutela-eta, noizbait tokatzen zaizu mila kilometro egitea ospakizun batera joateko; bidenabar, bi egun gehiago hartu eta asteburua biribiltzea erabakitzen duzu, eta hortxe zaude, bizpahiru adiskiderekin, espekulazioa edo nik-zer dakit-nola-deitu darion Marbellan.

Hortxe egon nintzen ni, behintzat, orain gutxi; David Foster Wallacen lan bat buruan etengabe, zoritxarrez begientzat eskuraezin. A supposedly fun thing I'll never do again (Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat) luxuzko itsas-bidaia baten kontakizuna da, Wallacek prentsarako idatzi zuen, Harper's Bazaar aldizkarirako, baina gisako testuen baldintzak betetzeko lartxo luzatu eta oin-oharrez josi zuen kontua, eta azkenean liburu formatuan kaleratu zuten bertsio osoa.

Den-dena ordaintzen zioten idazleari (den-dena estaltzen dutenetako pultserekin), estatubatuar askoren aisialdi-eredua bere begi berezi horiekin azter zezan. Desosegua sortzen dute ondorioek. Kontakizunak berak. Edateaz, jateaz eta azken batean jasotzeaz kanpo ezertxo ere ez egiteko diseinatutako espazio bat. Nekez edo aise pilatutako dirutza zehatz baten truke guzti-guztia infra-ordaindutako langileek egingo dute zuretzat. Luxua omen.

Barra-barra ikusi dugu hori Andaluziako bazter hartan guk ere, klasea identitatea dela fermuki berregiaztatzearekin bat. Ikusi dugu pasadan daudenentzat erabat eraikitako hirigune bat. Ikusi ditugu pasadan daudenak mahaietan eserita elkarri hitz egin gabe, telefonoko pantailetan jasotako atseginak mahaian irauteko justifikazio bakar. Ikusi ditugu pasadan ez zeuden bakarrak: bertako tasketako langileak. Pasadan dauden beste horiei bezala guri so, geu ere pasadan geundenez.

Oporrak omen. Urteko aste aske/zoriontsu/zeukaukeratu-enak omen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.