Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Eli

2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Orain justu astebete esperientzia iniziatiko edo nahi bada epifaniko bat bizitzear nintzen, hitzaldi bat, hain zuzen ere. Perspektiba erabat ezezagunetara begiak zabaltzen dizkizutenetako mintzaldi bat, aulkitik altxatu eta derrepentean kaleak metaforikoki edo literalki sutan ipintzeko gogoa ematen dizuten horietakoa.

Elizabeth Vasquez abokatu eta aktibista mintzatu zitzaigun, Ekuadorreko esperientziaz. Nik bezperan ezagutu nuen, erabat ez-formalki, bere saioa LAB2014. Bakearen itzalak jardunaldien barruan baitzegoen programatuta, eta aurreko egunean beste solasaldi berdin potente batean izana bainintzen errotari jaten ematen. Horren osteko kaƱa-saioan aurkeztu zidaten: hau Eli da. Horrela, besterik gabe. Ea, egia da abisatu zidatela: lan ikaragarria egiten ari zirela, biziki interesatuko zitzaidala... baina, badakizue, esaten dutenaren kontrara, ikusi arte ezin sinetsi.

Eta iritsi zen ostirala, ilundutako zazpiak. San Telmo museoko eliza huts itzel horretan, Elik esplikatu zigun bera ez dela abokatu arrunta, aitzitik, zuzenbidearen erabilera alternatibistan diharduela (bere baimenarekin, batzuen artean komentatu genuen alternatibista baino egokiagoa iruditzen zitzaigula matxinatua). Eta zer da, bada, hori? Zuzenbidean ez ezik, gainontzeko jakintza-diziplinetan ere erabil daitekeen zerbait; kasuko diziplina goitik behera ezagutzea da gakoa, alorraren beraren arrakalak topatu eta horietatik sartu ahal izateko, alorrak berak eskaintzen dituen baliabideei etekina aterata. Horrela lortu zuen Elik, kasurako, Ekuadorren lehen aldiz bi gizon ezkontzea. Horrela, hemen kabitzen ez zaizkidan hainbat adibiderekin, erakutsi zigun Elik nagusiarenak ez diren erremintak pentsatu eta prestatzeari utzi gabe nagusiaren etxea ondo izorra daitekeela bere tresnez baliatuta ere.

Mila esker, Eli. Laster arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.