Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Desdemokratizaziorantz

2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Behin aipatu nuenez, Hertzainak taldeak ondo kantatua laga zigun gure garaiko leloetako gutxienez bat, demokraziak egunero uzten gaitu-eta pott eginda. Horrexegatik, ustezko herriaren gobernuak ere ostiaka bai baitaki, teorialari batzuek nahiago dute demokratizazioaz hitz egin, alegia prozesu batez, demokraziaz beraz baino, ez omen baita bere horretan existitzen, etengabeko eztabaida, negoziazio eta borrokaren tankeran baino. Alegia, hainbat modutako protesten bitartez lortu dituztela herritarrek dauzkaten eskubide gehienak (ez badira guztiak), eta, galdu, aldiz, braustakoan gal ditzaketela.

Txiolari, hedabide, gune autokudeatu eta kolektiboen kontrako eraso judizial eta polizialek garbi erakusten dute, lehendik ere nahikoa agerikoa ez bazen, azken hamarkadetan gauza izan litezkeen demokratizazio-zantzuak azkar ari direla desagertzen. Ez denboran ez geografian askorik urrundu gabe, adibidez, Jone Amezagaren atxiloketak badu garai zaharren nolabaiteko kutsu bat, eta ez ETAk jardun armatua eten aurreko garai zahar horietakoa bakarrik, ezpada sasoi are goiztiarrekoagoa, Espainian gizontxoa nagusi zenekoa. Eta ez soilik Gernikan izan zelako eta azoka egunean, baizik eta basakeriagatik, erabilitako legez kanpoko baliabideengatik. Eskumuturra apurtu eta izterra goitik behera erre zioten Julia Lanasek berak esan zuen Gerra Zibileko garaiak ekarri zizkiola gogora astelehenekoak.

Eta ni artean jaiotzeke nintzen arren, inoren sentsibilitatea mintzeko asmorik gabe, esango nuke gero eta gehiago ari direla gure gaurko egunak bolada beltzen itxura hartzen, eta egoera are muturrerago desdemokratizatuko duela iristear den Herritarren Segurtasunerako Lege (ai, eufemismoen artea) espainiarrak. Desobeditzea, uko egitea, altxatzea, polizia grabatzea, kalea hartzea ekonomikoki zigortuko baitu pobreziaren zabaltze sasoiotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.