Julio Soto.
LARREPETIT

Artea

2015eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Koadro batean margo daiteke itsasoa haserre dagoenetan nola olatuak altxatu eta hondartzarako bidea hartzen duten mundua irensteko. Edo margo daitezke oihal zuri baten gainean bi begi beltz, bi begi sumin. Badaude paletan kolore alaiagoak pintzela jostariago dagoenetarako.

Harri puska bati eman dakioke forma borobila, irudika dezan bere geldoan bizitza baloi borobil baten antzera bueltaka bueltaka doan denbora bat dela. Edo zizelak kolpez kolpe atera dezake karratu bat harritik, erakusteko bizitzan badaudela geldialdiak, denbora aurrera igarotzen ez diren garaiak. Karratua lurrean uzten denean bezalako aldi geldiak.

Notak lotu daitezke bata bestearekin, ezkondu daitezke unetxo batez berriz elkarrengandik banandu eta beste norbaitekin ezkontzeko. Loturaren arabera, bere egin ditzake maitemindu berri den batek bezala maiteminak min egiten dionak. Elkarrekin dantza azkarrago egiten dutenean lagundu diezaiokete lehenari hegan egiten, mantsotzen direnean bigarrenari bihotza mantsoarazi diezaioketen bezala.

Nobela batek kontatu dezake ia zernahi gauza. Adibidez preso dagoen batek bisitatzen dutenetan sentitzen dituen gauzak; nola igarotzen duen aste guztia berrogei minutuko tartetxo baten zain, nola eusten dien malkoei gurasoak parez pare jartzen zaizkionetan. Edo deskribatu dezake preso horrek berak kartzelatik ateratzeko egunean atea gurutzatu eta jasotzen duen maitasuna.

Bertsoak ere eman diezaioke bide sentimendu askori. Kabitu ditzake bere lerroetan oso hitz desberdinak, kantatu dezake gauza asko eta gauza askori.

Baina badaude pintzelak edo zizelak adierazi ezinekoak, notetan edo hitzetan lekurik ez duten zerak. Eta horiei irtenbide bat emateko jaio zen artea. Horretarako daude begiradak eta keinuak; bostekoak eta laztanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.