Kattalin Miner.
LARREPETIT

Arriskuz beteriko hitzak

2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ahots publikoa izateak, esan nahi baita, esparru pribatutik at ahotsa altxatzeko aukera izateak, ardura handia eskatzen du sarri. Jakin baitakigu «iritzi publiko» deitzen diogun horri eragiteko gaitasuna duela ahots publikoak. Horregatik, ausart eta beldurrik gabe aritu behar izaten dugun arren, sarri sorraraziko ditugunak ere neurtu behar izaten ditugu.

Ez da berria badiot feminista naizela, ekintzaile feminista, militantea; eta sarri nire aurkezpen gutuna hori bera izan da, edo jarri didate, edo aldarrikatu dut. Ordea, badut ardura bat, feminismoaren izenean hau edo hura esaten dudanean. Ardura bat, hain zuzen, esaten dudana nirea bakarrik ez dela badakidalako, baina are gehiago, esaten dudanak nireetatik harago heltzeko aukera duelako.

Ahots zilegizkoa izatea ez da feministoi zerutik jausi zaigun kontua. Solaskide politiko izatea ez da oraindik guztiz lortu dugun kontua, baina horretan dihardugu, eta hor zuhurtziarena. Izan ere, gaur hemen esandakoak, bihar argudio izan daitezkeelako, baina ez hori bakarrik, gaur gure ekintza politikoetan egitea erabakitzen duguna, bihar arrazoia hortik etorri edo erauztera eraman gaitzakeelako.

Beraz, hemen kontua. Ezin dugu edozer esan feminismoaren (edo beste edozein —ismoen) izenean, eta ezin dugu edozer irakurri feminismoaren izenean. Borroka bat baitago atzean, ez gaurkoa ez atzokoa, milaka aho eta buruetakoa baizik, eta, beraz, ez gatoz bakarrik, ez gatoz bat-batean, ez gatoz itsututa, ez gara ilustratuak, baina bai elikatuak, borrokatuak, eztabaidatuak, zalantzan jarriak eta bidea egiten arituak eta adituak.

Plaza bestalde, ez da inozoa, ez erratu, eta pentsatu nahi nuke, behin hala, ni neu erratuta baino herrari banabil, plazak itzuli ahal izango didala bidea, bide bat behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.