Eneko Gorri.
LARREPETIT

'Papa Noel basque'

2015eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ez, frantsesen ahoetan entzuten ohi dugun bezala, Olentzero ez da «Papa noel basque». Edo hobeki erranda, Eguberri kari agertzen diren pertsonaien antzera (Bizar Zuri, San Nikolas, Befana...), Olentzero gure mitologian errotutako mezulari eta aro baten sinboloa ere badugu. Zentzu horretan, gure ikazkina erreferentzia unibertsalaren tokiko deklinazio txiki gisa aurkeztearekin asetua naiz! Ez da alde batetik «denen Papa Noel» bat, eta haren ondoan «Euskaldunen Olentzero».

Anekdota horren gibelean, nik uste, euskal tradizioen ezezagutza gordetzen da. Gure kultura gutti ezagutzen dugu, gaizki menperatzen ditugu gure praktiken zentzuak, gure balioen gaurkotasunaz ez gara aski jabetuak. Lapurdi kostaldeko eremu batzuetan, tradizioen transmisioak praktiken errepikapenari garrantzia gehiegi eman dio eta zentzuari sobera gutti. Alta, belaunaldiz belaunaldi egokitu diren praktika horiek partekatze eta elkartasun balioen garraiatzaile dira. Markak galdu dituzten hiri anonimoetan, euskal kulturak benetako rol bat bete dezakeela konbentzitua naiz.

Iruditzen zait, gainera, deseuskaldundutako hiri-lurraldeetan jendeak baduela gure kodeak ulertzeko gose ezin-asea. Inoiz baino gehiago, euskal tradizio eta ohituren zentzua gureganatzea garrantzitsua da, besteei transmititzea bezainbat. Gure kultura praktika komertzial hutsen alternatiba ederra ere izan daiteke. Gaurkotasun handikoa, Olentzerok gure jendartearen itzaletan argia kokatu eta suaren inguruan biltzeko aukera eskaintzen digu.

Horretaz guztiaz jabeturik, Arroka kultur elkartearen inguruan bildutako eragile batzuek zentzuaren inguruko lanketa ederra egin dute aurten Biarritzen. Halloween besta diru publiko parrastarekin antolatzen den hirian, euskal kulturak bere lekua duela frogatu dute. Xumeki baina duintasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.