Eneko Gorri.
LARREPETIT

Alegalak

2015eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urte zaharrak urte berriari tokia utzi aitzin, igarotako 365 egunek eskainitakoari buruzko errepasoa egiteko ohitura dugu. Oharkabean udazkeneko arratsalde batez eroritako berria burura datorkit: Senatuak Hizkuntza Gutxituen aldeko Eurogutunaren berrestea erabat izoztu du. Senatua ez zelarik, Estatu Kontseiluak zuen egitasmoa oztopatu eta hori ez balitz, lehendakariak berak egingo luke, edo... Fede txarrarentzat, instituzio guziak berdin.

Hollande lehendakariak ausardiarik gabe hautatutako bide zaila ikusirik, euskaltzaleok ez genuen agintza horren egingarritasunean asko sinesten. Eta mirakuluz lortu bazuen ere, testuari inposatutako klausula mugatzaileak ikusirik, ez zuen euskarak bizi publikoan presentzia handirik irabaziko. Amets egitekoa ez bazen ere, ez-berreste hori erabat sintomatikoa da: alde batetik, frantsesek hizkuntzekiko duten fobia inkontzientea erakusten duelako (izan jatorrizkoak, immigraziokoak edo nazioartekoak) eta, bestalde, Frantziak jatorrizko hizkuntzentzat duten proiektua agerian uzten duelako.

«Tokiko hizkuntzak Frantziaren ondare» direla Konstituzioan gehitu ondoren, nago ez ote dituzten hizkuntza eder guzi horiek ikusgai emanen Eliseoko gela handienaren apal gotorrenean, formolez betetako ontzi dirdiratsu batzuetan. Eta euskarak hiztunak galtzen segitzen duen bitartean, kontserbatuak direla jakinez lasai asko bizi gaitezke.

Baina Ipar Euskal Herrian erronka ez da euskararen «babestea», biziberritzea salbu. Eta nahi ala ez, borondate onaren gainean oinarritua izanki, ezagupen legal gabeko politika publikoak beti iritsiko dira haien mugara. Legerik gabe ere asko aitzina gaitezkeela diotenak egia ezkutatzen duen formula baten gibelean gordetzen dira. Azken batean, koadrorik gabe, toleratuak besterik ez garelako. Ilegalak? Ez arras; okerrago: alegalak. Eta bitartean zer berri? Zaharrak berri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.