Kattalin Miner.
LARREPETIT

Euskal harritarrak

2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Estereotipoei dagokienez, euskal herritarroi astoak, burugogorrak eta ahohandiak izatea tokatu izan zaigu. Baita ere pentsatu izan dut askotan egozten digutela gauza handiegiak egitea txikiak balira bezala, demagun, janari kantitate erraldoiak jatea hamaiketakoan.

Hala ere, esango nuke euskal herritar batzuek handia ere txiki, luzea ere motz ikusten ikasi dutela. Adibidez, sei urte ez dela tarte oso luzea, badakigulako hamar, hogei edo hogeita hamar izan daitezkeela. Edo 500 kilometro tarte motza dela, badakigulako 1.000, 1.200 izan daitezkeela. Badira zientoka euskal herritar hiru, lau edo sei hiletik behin 40 minutuko hizketaldia izanda badakitenak lagun minak direla, bai eta hainbat hiletatik behin eskutitz batzuetako hitzetan oinarrituta ere.

Beraz, akaso bai, neurriei beste dimentsio batzuk ematera behartu gaituzte hainbat euskal herritar, eta gainontzekoentzat urte asko direnak guretzat eraman beharreko zerbait da. Besteentzat milaka kilometro direnak askorentzat ez dira egin beharreko bidea besterik, eta minutuak gutxi direnean, izugarri luzatzen ikasi dugu.

Horregatik guztiagatik agian, sinesten dugu harriak mugitzeko gai ere bagarela. Inork inoiz mugitzea pentsatuko ez lukeen harri handi eta immobilista horiek. Lehenago ere egin dugulako inork uste ez lukeena: errepideko kilometroen astun eta bortxaren gainetik aurrera egin. Urteen zama, luzera eta nekearen gainetik irribarre egin. Burugogor. Bihotz-bero.

Beraz, bihar, Baionan eta Bilbon, estereotipoak atzean utzita tira egingo diegu harri handi horiei, eta agian etzi irudituko zaigu bere horretan dirauela denak, baina jakingo dugu harriak ez direla bakarrik mugitzen, eta zertxobait higatzea lortu badugu horretan jarraitzen tematuko garela. Izan ere, ez dago euskal herritar batzuontzat ezin mugitzerainoko pisua duen harririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.