Kattalin Miner.
LARREPETIT

Sagardo berria, ohitura zaharrak

2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kostata, baina badirudi iritsi dela Euskal Herriko negu hotz eta umela eta, horrekin batera, urtaroa bereizgarri egiten duen Sagardotegi Garaia. Egin salto eta irrintzi, antolatu kuadrillako bazkaria, karrerakoa, lanekoa, kanpoko lagunei euskal kultura erakusteko pretentsioz beterikoa, ezkondu aurreko despedida delakoa, militantzia kideena. Antolatu autobusa eta hartu sagardotegiak lehenik, kaleak ondoren.

Lau hilabetez herri hauek, esango nuke batez ere Hernanik, transformazio gau eta egunak bizi izango ditu larunbatarekin batera, San Fermin konstante bat, akelarre infinitu bat. Printzipioz ederra izan daitekeena, hau da, parranda eta giroa, jaia eta kalea; kurioski ez da hain alegera izan ohi herritarrentzat. Noski, ostalarientzat ezinbesteko garaia da hau, eta baita denboraldi baterako lana bilatu ohi dutenentzat ere, baina, aurten ere, zorteko dut neure burua, jada herritik kanpo izango naizelako.

Aritz Aranburu surflariak egin du aldarri aurten ohiko esaldiarekin: «Gure sagardo berria!». Eta nago sagardo berriak ohitura zaharrak ekartzen dituela gurera lau hilabetez. Ez nabil tradizio kulturalak manten ditzakeen ohitura folkloriko eta ustez onargarriez —dudan jar daitezkeenak horiek ere—; nabil hain gorrotagarriak diren jarrerez, herria «hartu» egiten den sentsazioaz, parrandan ardura kolektiboa ahazten duten horiez, jarrera eta eraso sexista etengabekoez. Nabil «denak balio du» aldarri oilartuaz, espazioa denona dela ahazteaz.

Ez naiz ni izango sagardoaren eta sagardotegi garaiaren kontra arituko dena, parrandazale amorratua bainaiz, Hernaniko giroaz urteetan gozatu baitut eta, bere horretan, herrian Euskal Herriko txoko guztietako jendea biltzea ederra delako. Baina hasperen egin dute lagunek lehen txotxa ireki bezain pronto. «Badatoz», diote, eta, tamalez, urteak joan urteak etorri, «antzeko maneretan etorriko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.