Kattalin Miner.
LARREPETIT

Fresnes bihotzean

2016ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Lerro hauek idazten ari naizela, Fresneseko euskal preso politikoek 10 egun daramatzate gose greban. Emakumeen presondegian hasi zen dena, politiko deitzen ez diegun beste 40 presoekin batera arrazoi guztiz politikoak aldarrikatzen zituen planto batekin kartzelako bizi baldintzak hobetzeko eskatzen. Baina, ongi dakigun bezala, euskal presoei izaera politikoa ematen ez dieten berberek egotzi zioten plantoaren ardura euskal preso politiko bati, eta, hala, Itziar Moreno bakartze egoera mugagabera kondenatu zuten, eta protestaren bultzatzaile izendatu.

Gauzak horrela, elkartasuna eta duintasuna gorputzetan, taldean erantzuten ari dira protestak erakarritako errepresioaren kontra. Baina protestaren muinera joanda, beste zerbaitek bete dit barrena, hots, lehenengo planto hartan batuta egin zutela protesta askotariko presoek: euskal preso politikoek, sozial deitzen ditugunek, jatorri ezberdinetakoek, arrazoi desberdinengatik kartzelatutakoek, sexu langileek, sistemak bazterretara kondenatutakoek; besteek, finean.

Euskaldun ugarik ezagutzen dugu, tamalez, kartzela; ongi ezagutzen ditugu kartzelak betetzen dituztenen klase, jatorri, arraza eta genero arrazoiak ere. Eta behin baino gehiagotan ikusi izan dut neure burua kartzelako atean, hizkuntza arazoak (edo bestelakoak) direla medio, sozial deitzen diegunen senitarteko migratu eta arrazializatuek babestuta.

Gaur, irakasgai handi bat sentitu dut bueltan: kartzelak ezer baino ageriago uzten duela borrokak gurutzatuak direla, zehar lerrokoak, kartzela biolentzia tresneria bat dela, eta, bertaratzeko arrazoiak desberdinak izanda ere, denak zapaltzen dituela modu batera edo bestera. Eta, beraz, batera borrokatuta ez dela subjektua ahultzen, indartu baizik. Gaur, espetxean duintasunez bizitzea aldarrikatuko dugu zuekin, jakinda bihar kartzelak suntsitzea besterik ez zaigula geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.