Kattalin Miner.
LARREPETIT

Identitatearena

2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Itxarongelan sartu naiz, eta, Donostian nagoen arren, inoiz baino euskara gehiago entzun dut. Aho gehiagotan eta nahiko ozen, denek entzuteko moduan. Itxarongela ez da osasun etxekoa, ez da Lanbidekoa, itxarongela NAN berritzeko Polizia Nazionalaren egoitzakoa da.

Harro dabiltza euskaldunak, beraz, hizkuntza zaharra ahotan, alboko euskaldunekin konplizitate keinuak eraikiz, hizketaldiak asmatuz. Grazia egin dit une batez, pentsatu baitut askok ez dutela egunerokoan euskara erabiliko, eta beste batzuk, egunero erabilita ere, esajerazio puntuaz ari direla ilara zein mantso doan, eta abar, kexaka.

Itxarongelaren beste aldean bikote pakistandarra dago (jatorriz, nazionalitatez espainiarra); horiek ere ez dira gaztelaniaz ari, eta pentsatu dut, ea beste itxarongeletan, haiek ere hain altu eta hainbeste hitz egiten ote duten haien hizkuntzan. Alboan eseri zait krestadun mutil gazte bat, musika belarrietan, eta Eskorbutoren Odio a mi patria entzuten ari dela ohartu naiz. Mutilak ez du euskararen beharrik identitatea berresteko behartuta dagoen agiriaren aurka aritzeko.

Izango da, agian, NAN berritu eta harro txartel berria musukatzen duenik, baina, oro har, ingurura begiratuta, inor gutxi dator bere espainoltasuna berritzera, bere kontrol agiria berrestera.

Identitatea gauza konplexua da, baina esango nuke, oro har, kontrara eraikitzen eta indartzen dela gehienbat. Narda sorrarazten digu espainoltasuna sinatzeak, agiria bera ere ez dugu geure sentitzen, eta bularra puzten zaigu gaurko propio jantzi ditugun kamiseta aldarrikatzaileetan.

Eta halakoak ikusita pentsatu dut bost edo hamar urtetik behin NAN berritu ordez urtero berrituko beharko bagenu, goia joko lukeela independentzia senak; eta hainbesterako ez balitz ere, gutxienekoan, euskara entzungo genukeela suelto, ohi baino gehiago eta ozenago; eta ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.