Eneko Gorri.
LARREPETIT

Guk Euskal Herria

2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Badu orain hiru egun Frantziako ekipoak Portugalen kontra Eurokoparen finala galdu zuela; baina frantses banderak Ipar Euskal Herriko jarraitzaileen etxeetako balkoietan zintzilikatuak dira oraindik. Denbora berean, udako sasoi turistikoa hasia da, eta ikurrina saltsa guzietan kozinaturik agertzen zaigu eremu publikoan: hondartza oihaletik, espartin gaineko ehuneraino edo I Love Euskadi kamisetaraino. Arrazoi desberdinengatik bada ere, euskal herritar askok frantses banderen bistaratze horiek eta ikurrinaren desbideratze komertzial horiek laido gisa bizi ditugu maiz. Batzuek erakustaldi militar testosteronizatu baten bidez 1789ko Bastillaren hartzea ospatuko duten bitartean, euskal jendarteak beste eredu bat goraipatuko du Donibane Lohizuneko karriketan. Aitzina gazte mugimenduak Guk Euskal Herria lemapean manifestatzera deitu du. XXI. mendeko gazteriak ere beste modelo bat eraikitzeko gogoa eta beharra, lehen bezain zilegi da. Zer etorkizun eskaintzen dio gaurko koadroak? Guttiengo absolutu batek desiratzen duen lan legea? Gazteria formatu bati sasoiko lan prekarioak proposatzen dizkion lan merkatua? Baxoa frantsesez pasatzea eta ikasketak segitzeko erbesteratzea? Etxebizitzen prezioengatik herrian bizitzea ezin gauzatuzko amets bihurtzea? Teorian bake prozesu iraunkorra ezagutu duen lehen gazte belaunaldia izatea, baina konkretuki gatazkaren ondorioak pairatzen segitzea?

Antolakuntza, auzolana eta lan militantearen bidez, beste jendarte bat eraikitzen dihardute euskal gazteek, EHZ festibalean frogatu ahal izan duten bezala. El Kohmri legearen kontra karrikan mobilizatuz, patriarkatua iraultzeko harreman mota berriak asmatuz, unibertsitateetan antolatuz, gaztetxeetan antolakuntza molde berriak esperimentatuz, militantzia eta besta forma berriak eraikiz... Asko dugu ikasteko. Haiek baitira biharko Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.