LARREPETIT

Kalkuluak

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2017ko urtarrilak 18
Maite dut Hendaiako hondartza, neguan, eta gauez. Leku ederra da paseatzeko; euripean korrika eginez, barneko zurrunbiloak izerdiz botatzeko; itsaso zakarrari begira orduak pasatzeko, buruko minen kontsolagarri. Azterketa garai honetan hiruzpalau aldiz joan naiz barrenak askatzera, eta a ze lasaitasuna! Ia inor ez dago pasealekuan, eta zer erranik ez hondarretan: olatuak eta zu, eta txakur-paseatzaile galduren bat, tarteka bikote bat joan-etorrian —begiratu ere egiten ez dizuna—, surflariren bat etxerako bidean...

Ederra da itsaso zakarraren eta lasaitasun isilaren arteko talka, udako oihal-krema-eguzki-parasol-beignets-abricot-haur-zaratatsu-pralines-à-Jojo iskanbilatsuaren guztizko kontrastean. Bertze leku bat da, kokapena bera izanagatik.

Putzu handiari begiratzeari utzi eta burua biratuz gero, ordea, kezkagarria ere bilakatzen da patxada. Alimaleko etxebizitzak, hiru, lau, bost pisukoak, eta solairu bakoitzean batez bertze hamar leiho. Horietatik zenbatetan ikusten da argia piztuta? Ehun leihotik batean? Eta afalordua da, Lapurdiko ordutegian. Begiratu hotel, ostatu, jatetxe eta hondartzako auzoko kaleei ere: filmetako desertuko lasto-bola bat pasatzea ere ez da behar hutsa baino hutsagoak daudela ikusteko.

Geldi eta txukun daude etxeak, uztailean eta abuztuan Parisko, Gipuzkoako eta Nafarroako turistak noiz etorriko zain: hamar hilabetez hutsik, bi hilabetez eguzkia hartzera doazenen grinak asetzeko. Eta Hendaia aipatu dut, baina bertze herri ugariren izenak jar nitzakeen horren lekuan, seguruenik. Adibidez, Bidarte? Bakio? Lekeitio? Horietan ez dakit: Hendaian herriko «biztanleria» hirukoiztu egiten omen da negutik udara: neguan 17.000 lagun inguru, udan 45.000.

Atera ditzagun bada kalkuluak: etxebizitza huts horiek guztiak... zenbat gazte prekariori emango liekete aterpea? Zenbat etxegaberi? Zenbat errefuxiaturi?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna