maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Etxegarai

2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Ez dut inolako karrera planik afera honetan». Halaxe bota zidan Jean Rene Etxegaraik duela jada urtebete pasatxo, oraino soilik Baionako auzapez eta Euskal Kosta-Aturri hiriguneko presidente zela kazeta honetarako egindako elkarrizketan. Euskal Elkargoko presidente izan nahi ote lukeen zen galdera, bistan da. Eta umiltasunez erantzun nahi izan zuen: ezetz, ez zela botere nahia instituzioaren alde mugitzen zuena. Denok usaintzen genuen, halere, elkargoa sortzen bazen hura izanen zela lehen gidaria. Eta hautatu dute, azkenean; babes handiz, gainera.

Hautagai abertzalerik ez da aurkeztu presidentetzarako. Harrigarria? Hego Euskal Herritik begiratuta, agian bai. Alderdikerietatik harago, batasun itxura eman nahi izan zioten astelehen gauean Baionako Fakultateko anfiteatroan egindako lehen batzarrari: elkargoa gidatzeaz harago, sortzeari berari emanez garrantzia. Gizon «zentrista» frantses bat dugu, beraz, Euskal Elkargoko buru: segur aski, elkargo kontseiluaren adierazgarri. Han gehienak baitira gizon —Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienak hala direnez—, anitz eskuindar, eta baita frantses ere. Euskaltzale ere bai, itxuraz, edo ez behintzat arrotz sentitzen direnak basque izendapenarekin. Iker Elizalde EH Baiko hautetsiak hartu zuen hitza euskaraz aritzeko, eta itzulpen sistema eskatu zuen: ikusi beharko da kasu egiten ote dioten hurrengoetarako.

Sortu, behintzat, sortu da egitura berria, eta atzera-bueltarik gabe jada: kontrakoek ere aurkeztu dute beren burua presidentetzarako, eta hori bada onarpen seinale! Nora eramanen gaituen, norabait eramango bagaitu, ezin oraino aurreikusi. Memento historikotzat hartu dute askok, halere. Lehen batzarraren irudia ikusi besterik ez: Hego Euskal Herritik ere hautetsi ugari, zer gertatuko zain. Begirada istant batez ekialdera zuzentzekobalio izan die behintzat. Ea eusten dioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.