maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Sorpresak

2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ezusteko handiak ematen ari da Frantziako presidentetza hauteskundeetako atarikoa. Apirilean dira hastekoak bozak, baina aspalditik dira hautagaiak kanpainan, eta alderdietako primarioek are gehiago berotu dute giroa.

Haiek ezker deitzen duten horretatik, batetik, Benoit Hamon PSko hegal kritikokoa atera da garaile. Orain arte,zuetako askok haren izenik ere ez zenuten entzunen, segur aski. Eta, ezagututa ere, gutxik esperoko zuten alderdi barneko bozak irabaztea. Bada, lortu du, eta hasi du Eliseoranzko lasterketa hark ere. Haren parean zen Manuel Valls, berriz, bazterrean gelditu da, hainbeste harrabots atera ondotik. Horri buruz bai, entzunen zenuten, eta nahi baino gehiago, agian. Mapatik desagertuko dela dirudi, bada.

Eskuin hegaletik, bertzalde, Les Republicainsen primarioak pasatu eta gutxira atera du pastela Le Canard Enchaine astekari satirikoak. Irabazle atera den, eta, beraz, Frantziako hurrengo presidente izateko aukera handiak zeuzkan François Fillonek ere usteletik izan dezakeela argitaratu du, hain zuzen. Penelope Fillon haren emazteak alegiazko lanpostu batengatik 500.000 euroraino kobratu izan dezakeela kalkulatu du aldizkari entzutetsuak, eta, hori hala izan dela frogatzen bada, jai dauka on aurpegia jarri nahi izan duen politikariak. Alain Juppek erran du haren ordez ez dela jarriko presidentetzarako lehian, eta ikusteko dago zer gertatuko den...

Azkenean, ustez Fronte Nazionalarekin jokatu behar zen buruz burukoak gero eta lausoagoa dirudi. Hamon hautagai izanda, agian ezkerreko gehiagok emanen baitiote boza —Emmanuel Macroni zenbatek bozkatuko dioten ere ikusi behar—. Eta eskuineko hautagai ustelaren aurrean, presidente izatea ere ez ote duen lortuko Hamonek? Berriro PSko bat Frantziako buru? Duela hilabete batzuk ez genuen usteko, baina azken egunekoen ondotik, ez litzateke hain sorpresa handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.