maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Zilborrak vs herria

2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Sudurra kontu horietan sartua izaten ez dutenek deus gutxi usainduko duten arren, azken boladan eztabaida betean murgildua dago (Hego) Euskal Herriko gazteria antolatu (ustez) abertzalea. Alde batetik, Zirtaka eta Kantauri, itxuraz elkarrengandik oso urrun dauden bi txosten: herri hau askatasunerantz eramateko bi proposamen, edo —nondik begiratzen den— hitz korapilatsuz betetako 30 orri pasako txosten parea.

Beste alde batetik, espektro agian zabalagoan, era guztietako borrokak loratzen: transfeminismoa, antiespezismoa, etxebizitzen okupazioa, marxismoa, euskara, internazionalismoa...Ismo asko zerrendan, baina euren artean loturarik egiteko istmoak gutxi: itsasarte zabala begi-bistan, eta bakoitzak bere lurmuturrari ahal den bezala tira, lehentasunak eta mailak betaurrekoen kolorearen arabera ongi finkatuta.

Bitartean, politikariak, norbere lapurren banden etikan (Sarriri ikusi eta ikasia), dela elkargoa, erraustegia, Ertzaintzaren tortura, presidentzialak, presoak, errege-etxea edo prezioen igoera. Eta ondoan, jende saldo bat, egunkaririk ez duena irakurtzen aspaldi, eta egunerokotasunari ordenagailuko serieetatik begiratzen diona.

Horren guztiaren erdian, herria. Erdian bai, baina erdigunerik bilatu ezinik, noraezean, euren zilborrei begira dabiltzan horien zain, izkina batean. Oso ongi jakin gabe nor den, zer opa dioten bere barnean bizi direnek. Bi Bala musika taldeak erran zuenez: «Ez dut ulertzen zer den herri egiten gaituena».

Gaindegiko Imanol Esnaolari irakurri nion joan den astean kazeta honetan: «Jabetuta gaude, beraz, posizio partikularretan gotortuta egon ohi garen euskal herritarrok sintesi eta adostasun ariketa handia egin beharko dugula erronka nagusiei batera ekiteko». Ez dakit gauza bera generabilen buruan, baina kasu bietan ondorioak antzekoa dirudi: herria egitea zaila dela, zilborrera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.