Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Gerra joko arriskutsuak

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Fase berri eta kezkagarri batean sar daiteke aurki AEBen eta Txinaren arteko gerra komertziala. Gerra horrekin jarraitzeko arma konbentzionalak amaitzen ari zaizkio Txinako Gobernuari, eta, dirudien bezala, bandera zuria ateratzeko asmorik ez badu, beste arma batzuk erabili beharko ditu Donald Trumpi mina eman nahi badio. Arma horiek geopolitikoak dira, eta gerra ekonomikoa zena beste arlo batzuetara hedatzeko arriskua dakarte.

Orain arte indar txikiko norgehiagoka izan da AEBen eta Txinaren artekoa. Trumpek bota zuen lehen bala, Txinaren altzairuaren, aluminioaren eta beste produktu batzuen inportazioari muga zergak jarrita. Washingtonen tiro bakoitzari neurri bereko batekin erantzun dio Pekinek; azkenak, aste honetan. Ondorioz, Txinatik AEBetara esportatzen diren produktuen erdiak inguruk lehen ez zuten muga zerga bat pagatu behar dute; AEBetatik Txinara doazenen artean, aldiz, %85ek dute gain kostua. Desoreka hori datu sinple batek azaltzen du: AEBek 130.000 milioi dolarren esportazioak egin zituzten iaz Txinara... eta 500.000 milioitik gorakoak inportatu. Beste modu batera esanda, Trumpek oraindik baduela zer zergapetu, baina Xi Jinpingek, ordea, ez.

AEBek Txinarekin duten merkataritza defizit itzelak asaldatu egiten du Trump, eta hari leporatzen dio AEBetako industriaren gainbehera. Logika horrekin, Txinatik iristen zaizkion produktu guztiak zergapetzeko mehatxua betetzeko nahiko arrazoi ditu Etxe Zuriko maizterrak. Hori bai, iragarri du 2019 arte itxarongo duela orain %10ekoak diren tarifa horiek %25era igotzeko. Negoziaziorako tartea ematen ari da Trump? Baliteke, baina bada beste faktore bat: ikusi nahi du bere politika oldarkorrak fruituak ematen ote dizkion azaroko hauteskundeetan, orain arteko tarifek bere jarraitzaileen poltsikoetan zulo handia eragin aurretik.

Xi ez dago amore emateko

Txina Alderdi Komunistaren kontrolpean dagoenez, Xik ez du hauteskundeen kezka handirik. Dialektikoki apal jokatu du orain arte; estilo kontua agian, baina izan daiteke ez zaiola komeni zarata gehiegi sortzea. Besteak beste, Trumpek Txinaren politika komertzialaren aurka egiten dituen salaketetako askok badutelako beren funtsa. Bai, jendaurrean esaten ez badute ere, Europako Batasuneko gobernu eta enpresaburu askok bat egiten dute Txinaren aurkako salaketa orokorrarekin. Hala nola, atzerriko enpresen jabetza intelektualaz bereganatzen aritu dela, trabak jarri dizkiela atzerritarrei bere enpresa publikoak babestearren, eta, oro har, merkataritza kontuetan ez duela garbi jokatu. Salaketa horiek bigarren plano batean geratu dira orain arte, lehenik eta behin, Txina negozio mardulak egiteko lekua izan delako.

Baina gauza bat da jakitea zure aurkariak arrazoi puntu bat baduela, eta beste bat haren aurrean amore ematea. Eta Xi ez dago amore emateko. Hori eginez gero traizioa egingo lioke bere buruari jarri dion helburu historikoari, hots, Txina bere iragan loriatsura itzularaztea, azken 150 urteetako «umiliazioari» amaiera ematea. Horretarako, Txina potentzia ekonomiko totala izan behar du, puntako sektoretan puntan dagoena —zertarako bada aritu dira bestela mendebaldekoei teknologia lapurtzen/kopiatzen?—.

Ezin da kikildu, eta komertzialki ezin badu, mapari begiratuko dio Xik, tentsio guneak non sor ditzakeen ikusteko. Ez zaizkio falta. AEBetan jada kexuka ari dira Txina ez dagoela nahikoa egiten Ipar Korea kontrolatzeko eta erregaia saltzen ari zaiola. Taiwanekin ere adi: ezerk ez luke Xiren handinahikeria gogobeteko behingoz uharte disidentea bereganatzeko bidean jartzeak baino. Eta ezin ahaztu Txina Hegoaldeko Itsasoko uharteen auzi korapilatsua.

Azken arma bat ere badu, nuklearra nahi bada: bere esku dituen AEBetako zorraren bi bilioi dolarrak saltzen hastea eta AEBen gehiegizko gastua finantzatzeari uztea. Ekonomiari txikizio handia eragiteko gai den kontu bat. Baina jakina da gerrak nola hasten diren, baina ez nola bukatzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.