Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Teknikari bat ahots ozenez

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eztabaida berehala eten nahi izan duMagdalena Valerio Espainiako Lan ministroak: ez, PSOEk ez du alargun pentsioa erreformatzeko inolako asmorik. Asteazkenean botatako hitz horiekin osoko zuzenketa bat egin zion bere ministerioko bigarren buruetako bati, Octavio Granado Gizarte Segurantzako Estatu idazkariari. Granadok, bezperan, esan zuen aldaketa sakonak egin behar direla alargun pentsioetan. Valerioren argudioa oso esanguratsua izan da: Granados «teknikari bat» dela, eta askotan «ozen pentsatzen» du. Hitz horien ifrentzua da Valerio politikari bat dela, eta hori den heinean, ez zaiola komeni esatea alargun pentsio batzuk desagertu egin behar direla, eta are gutxiago hauteskunde prozesu bikoitz baten atarian.

Baina hauteskundeak izan ala ez, inor gutxik ukatuko du iaz 20.000 milioi euro inguruko defizita izan zuen sistema batek erreformak behar dituela, batez ere biztanleriaren zahartze handi bati aurre egin behar dionean. Eta nahiko garbi egon beharko luke aldaketa horietan alargun pentsioak ezin direla ukitu gabe geratu.

Alargun pentsioak, neurri batean, gainditzen ari garen garai bateko hondarra dira. Gizona etxetik kanpo lanean eta emakumea, zintzo-zintzo, etxean, umeak zaintzera, dena garbi uztera eta senar sufrituari hiru otordu mahai gainean jartzera derrigortuta zegoen garai bat. Oraindik hori da errealitatea Euskal Herriko dozenaka mila emakumerentzat, baina etorkizun ez hain urrun batean, pentsio propiorik gabeko emakumeen kopurua asko jaitsiko da.

Etxean lanean geratu ziren horiek eskubide osoa dute etxetik kanpo lan egindakoen kotizazioekin sortutako pentsioa jasotzeko, zaintza lana baita, eta hori den neurrian pentsio duin bat jaso behar baitu. Gaur egun, ez da hala milaka emakumerentzat. Azken datuen arabera, 165.000 alargunek batez beste 845 euroko pentsioa jasotzen dute. Kopuru hori handitzen ari da: alargunak hildakoaren pentsioaren kotizazio oinarriaren %52 jasotzen baitzuten eta %60 jasotzen hasi baitira, baina ez du eragotziko alargun pentsio asko oraindik txikiegiak izatea.

Pentsio bakarra alargunen %73,9rentzat

Alargun pentsioen ezaugarri bat da beste pentsio batekin konbinatu ahal dela. Hego Euskal Herrian, jasotzaileen %73,9k hori dute pentsio bakarra. 121.893 lagun dira; hamarretik bederatzi, emakumeak. Logikak dio proportzio hori txikituz joango dela hurrengo urteetan, erretiroa hartu ahala etxetik kanpo lan egiteko muga gutxiago izan dituzten emakumeek. Horrek esan nahi du, sisteman aldaketarik ez bada egiten, hemendik hamabost edo hogei urtera erretiratu gehienek noiz edo noiz jasoko dituztela bi pentsio. Zilegi al da? Luze eta zabal eztabaida daiteke, baina garbi dago jasangaitza dela, sistemak nekez eusten baitio pentsiodun bakoitzak pentsio bat jasotzeari.

«Oso zalantzagarria da bere ezkontidearen halako bost irabazi duen batek bizi osorako haren pentsioa jasotzea». Muturreko adibidea jarri zuen Granadok, baina kopuru apalagoetan gero eta gehiago errepikatuko den egoera bat da. Demagun irakasle bikote bat, bakoitzak gaur egungo batez besteko erretiro pentsioa jasotzen duena: 1.372 euro. Bikotekidea hiltzen denean, besteari 2.000 euroak aise gainditzen dituen pentsioa egokituko litzaioke. Langile gehienek amestu besterik ezin duten saria.

Berez, Granadok proposatu du errentaren arabera banatzea alargun pentsioa. Hau da, beste pentsiorik ez dutenek eta pentsio propio apal bat dutenek soilik jasotzea. Aldaketak, gainera, ez luke atzerako eraginik izango, eta erreformaren ondoko pentsioei ezarriko litzaieke.

Valerio ministroak ez du gaiari buruz hitz egin nahi, eta, hauteskundeen atarian, inork ez dio Granadoren amuari irentsi. Apirilaren 28tik aurrera, ordea, erreakzioa oso bestelakoa izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.