Ostiral Santuko Akordioa. 20. urteurrena

Erlijioa, borroka demografikoa

Katolikoen kopurua gorantz doa Ipar Irlandan, eta protestanteena, beherantz. Gazteek ez dute erlijiorik praktikatzen, baina nortasunaren parte sentitzen dute.

Lehen Eliza presbiteranoaren egoitza, Belfasten. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Belfast
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Igande goiza da Belfast iparraldean. Mezarako hamar bat minutu falta dira, eta autoak ugaritzen ari dira San Patrizio elizaren parean. Adineko fededunak ibilgailutik atera dira eraikinera sartzeko, baina beren seme-alabek, ibilgailuen gidariek, alde egin dute. Nabaria da belaunaldi talka. Eliza katolikoaren atarian dira Sean Race eta Brad Quandt, hizketan; Ipar Irlandan erlijioak duen garrantziaz galdetuta, hasperen egin eta barre egin dute: «Erantzun zuk, Sean», eskatu dio Quandtek, Raceri baitagokio gaurko mezan hitz egitea. Azkenean Quandt ausartu da: «Ez dakit, txikitatik eraman gintuzten erlijiora eta eliza honetara. Modu honetara hezi gintuzten; bataiatu egin gintuzten, eta igandero mezara joan ginen. Eta gure bizitzaren parte bilakatu zen. Tradizioa da». 209 urte ditu Belfasteko San Patrizioren Elizak: 1809an inauguratu zuten eraikina, eta, zenbait aldaketaren ostean, 1875ean ondu zuten egun zutik dirauena.

Mendeotan, bi erlijio kristau izan dira nagusi Irlandan: katolikoa eta protestantea. Duela hogei urte, Ostiral Santuko Akordioa sinatzerakoan, katolikoak gutxiengoa ziren, protestanteekin konparatuta; horregatik, akordioak espresuki zehazten du Ipar Irlandan gutxiengoak eta beren eskubideak babestuko direla. Bi hamarkada igaro dira, eta hazten ari da beren burua katolikotzat dutenen kopurua; protestanteena, berriz, jaisten ari da. Eta joerak hala jarrai lezake datozen urteotan ere.

Lehen kristauak V. mendean iritsi ziren Irlandara, egun Britainia Handia eta Frantzia diren eremuetatik. Eliza erromatar katolikoak ere misiolariak bidali zituen uhartera, eta, pixkanaka, garai hartako sinesmen zeltikoei gaina hartzen hasi zen erlijioa. Egun, irlako herritarren %84k dute beren burua katolikotzat.

Erlijioari dagokionez, gehienetan publikoaren eta pribatuaren arteko muga ez da argi zehazten Ipar Irlandan. Politikariak dira horren adibide; fededunak dira, ez dute ezkutatzen, eta hori erabakiak hartzeko elementu garrantzitsutzat dute. «Nire kasuan, erlijioa nire nortasunaren parte txiki bat da, oso txikia, eta ez du eraginik nire hautu politikoetan. Baina politikarietan kontrakoa ikusi izan dugu», argudiatu du Racek.

Ipar Irlandako Estatistika Agentziaren datuak argigarriak dira. 1926an, biztanleen %33,5 katolikoak ziren, eta kopuruak gora besterik ez du egin harrezkero: 1961ean, %34,9 ziren; 1991n, %38,4; 2001ean, %44; eta 2011n, %45. Protestanteei dagokienez, joera beheranzkoa da: 1926an, biztanleen %60 inguru ziren, eta 2011n, berriz, %48. 2021eko erroldak —hamar urtean behin egiten dute— argituko du katolikoek eta protestanteek joerari eutsiko dioten.

Bi demografien arteko tartea estutzen ari da, eta horrek eragina izango du politikan, epe ertainera eta luzera begira: agentziaren datuen arabera, bere burua irlandartzat duten %92 dira katolikoak, eta bere burua britainiartzat duten %80 dira protestanteak. Bere burua ipar irlandartzat dutenen artean, katolikoak dira nagusi: %58 inguru dira. Eta diferentzia hori nabaria da Ipar Irlandako Parlamentuan ere, hauteskundez hauteskunde estutzen ari baita unionisten eta nazionalisten arteko tartea. «Elizak ere eragina du politikan, noski, komunitatearen parte delako, eta hori nabaria da politikan. Batzuek besteek baino gehiago hartzen dute kontuan hori», gogorarazi du Quandtek.

Protestanteak, 400 urtez

San Patrizio elizatik hamar bat minutura, Belfast erdigunean, 1644an sorturiko Lehen Eliza presbiterianoaren egoitza dago. Hiriko kongregaziorik zaharrena da, protestantea, eta Rosemary kalean du egoitza 1675etik.

Eraikin zuriaren atarian elkartu dira hainbat fededun. Haien artean, gazterik ez. «Gazteek eta belaunaldi berriek protestantetzat edo katolikotzat dute bere burua, eta hala aurkezten dute, baina ez dute erlijioa praktikatzen, tamalez. Hala ere, Ipar Irlandan oraindik garrantzitsua da, eta izango da», gogorarazi du John Robertsek, mezara sartu baino lehen. Protestantismoa 1530eko hamarkadan iritsi zen Irlandara, Henrike VIII.a Ingalaterrako erregeak herrialdea Erromako Elizatik banandu ostean; gaur egun Ipar Irlanda deritzon eremua XVII. mendetik zegoen Ingalaterrako Erresumaren esku. Lau mende dira, horrenbestez, protestanteek gehiengoa osatzen dutela Ipar Irlandan, baina, urteak igaro ahala, mezetara joaten direnen batez besteko adina gero eta zaharragoa da haien artean ere.

«Fedea baldin baduzu, fede indartsua, nahikoa da. Hori da garrantzitsuena», uste du Robertsek, belaunaldi protestante berriei buruz mintzatzerakoan. Race eta Quandt katolikoek ere kezka bera dute gazteen eta erlijioaren arteko harremanaz, baina ez zaie atsekabea nabari hitzetan: «Bagenekien gerta zitekeela. Gutxienez, harremana badute erlijioarekin», adierazi du Racek.

Katolikoen kopurua igotzen eta protestanteen kopurua jaisten ari den honetan, bada belaunaldi berriekin zerikusia duen datu esanguratsu bat, ia ez duena oihartzunik izan: Ipar Irlandan erlijiorik ez dutenen zenbakia. Hura ere gora doa, pixkanaka bada ere: 1926an, biztanleriaren %0,003 ziren, eta, ia mende baten ostean, %13,4 dira, agentziaren 2011ko datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.