Eneko Gorri.
LARREPETIT

Bizkarrez

2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Ditudan adikzio desberdinen artean, aktualitatea segitzeari dudan menpekotasuna da, urrundik, aitorgarriena. Ez da larria, baina edonorekin izan, irratian albisteen ordua delarik, soinua goratzen dut, ostatuko barran egunkari bat pausatua delarik irakurtzen hasten naiz eta egunean zehar erregularki sarearen itzulia egin behar dut berri freskoen dosiaren bila. Egia guzia errateko, biziki ongi bizi daiteke dependentzia horrekin, kalitatezko hedabideak ditugulako. Horien artean da Hitz eta Putz emankizun konektatu eta dinamikoa.

Bertan entzun nuen preseski Pantxika Telleria koreografoa, anekdota ederra kontatzen. Kolegioan elkar kitzikatzeko, iparraldekoak «enfait-tarrak» deitzen omen dira (en fait esaeratik) eta hegoaldekoak, «eske-tarrak». Mintzairen desberdintasunaren gibelean, lurraldetasunen kezka agerian ematen du anekdotak.

Komunikazio tresnak hain garatuak eta mugak hain artifizialak diren mendean, euskal herritarron artean ezjakintasuna oraindik handia da. 16 urte nituela, gure egituretan «eraikuntza nazionalaren» kontzeptua hedatzen hasi zen. Jendeen arteko elkar ezagutzea bideratu bazuen ere, ez zuen baitezpada elkar ulertzea eragin. Harritzen naiz, adibidez, hain erregularki euskarazko hedabideak segituz ere hain gaizki ulertzea Kutxabank, Bidegi edo Ciudadanos bezalako fenomenoak, eta denbora berean frantses osasun legea edo Fronte Nazionaleko barne krisiak ongi menperatzea.

Gure herria oinarritik eraikiko dugu, administrazioen mugaz gaindiko lankidetza programak itxoin gabe. Hedabideek paper garrantzitsua dute jokatzeko, albisteak tratatzerakoan irakurlea/entzulea Muskildi, Barakaldo, Hiriburu edo Erriberrikoa izan daitekeela kontuan hartuz. Bitartean, nire aldetik albisteak gutxiago segitu eta errealitateari buruz gehiago gogoetatzeko engaiamendua hartzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.