Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Berriro deskubritzen

2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Aste santuko zein pazko asteko oporretan eguzkiaren bila abiatu dira bat baino gehiago, aurten negurik ia izan ez dugun arren. Bestelako abenturen bila abiatu dira beste batzuk atzerrira. Gure kasuan, hainbat arrazoi direla medio, Euskal Herrian gelditu gara, eta haurren begietatik gure herriko txokoak berriro deskubritzeko aprobetxatu dugu. Eta ze plazera, gainera. Eurekin batera Euskal Herria zein askotarikoa den berriro gogoratu dugu. Eta halabeharrez politikaz berba egin behar izan dugu, oraindik ere ulertzeko horren gaitzak diren hainbat kontuz, horren zentzubakoak diren egoerak azaldu ahal izateko. Galdera gehiago sortuz. Eta historia ere errepasatu beharra izan dugu, zoritxarrez gutxiegi ezagutzen dugun gure historia. Zugarramurdiko sorginak eta Ziburuko piratak hartu ditugu, besteak beste, gure bidaia lagun.

Horren gutxitan zapaltzen dugun hiriko asfaltoan galdu gara oporrak hasteko, turista artean ezkutatuta. Nahikoa izan da egun bakarra lasaitasunaren beharra sortu eta beronen bila joateko, jaiegunetan horren zaila den lasaitasunaren bila. Zoazen lekura zoazela. Argazki kamera eta selfie makila artean bukatuko baituzu. Mendira jo dugu, leizeetan barrena ibili gara eta apurka-apurka itsasoratzen joan gara, Lapurdiko portuetan atseden hartzera zein Bizkaiko labarretan olatuen indarra mirestera. Basamortuan hartuko dugu ostatu azkenik. Eta, berriro ere, esplikatu beharko diegu seme-alabei zergatik Biosferaren Erreserba tiro hotsek hartzen duten. Eta berriro ere gure historia.

Eta hamabost egunetan ikasi dutena ez dute hain erraz ahaztuko, edozein etxeko lanek baino gehiago balio izan dielako bizitakoak. Bizipenak direlako, barrutik sortutako jakin-mina. Historia, natura, elkarbizitza, denbora neurtzen («noiz helduko gara?»), distantziak... Harriak, belarrak, harea, hautsa eta zer pentsatua dakargu kotxean bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.