Kattalin Miner.
LARREPETIT

Espazio publikoarena

2016ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Oporrak borroka eta aisia gune paregabean igaro ditugu Laudion, Danbadan. Ostiralean hasi zen asteburu luze osoan iraungo zidan sentsazioaren lehen printza. Burujabetza feminista izeneko mahai ingurua hasi behar genuen hizlariok, eta, espazioa ikusi bezain pronto, laurok, emakume, feminista eta ahaldunduak izan gintezkenok, segituan nabaritu genuen agertoki «altuegiaren» amenazua. Deseroso sentitu ginen geure buruak hain goitik aritu beharrean ikusita, baina, espazio publikoa (mundua bera) bertikaltasunetik antolatuta dagoenez, gerora hainbeste aldarrikatu genuen botere hartzeari ekin genion, konplexuak utzita.

Gaua eta parranda espazio politikoak direla diogu, baina milaka gazte biltzen dituen karpa erraldoian, neska kuadrillak topatzen genituen karparen bazterretan gehiengo. Agian, taula gainetik barrabilak eutsiz garrasi egiten zuen gizonak ezer gutxi eskaintzen zigulako espazioak beste modu batera hartu nahi ditugunoi, batek daki; baina, hala ere, hainbat izan ziren lehen lerroak borrokatu zituztenak.

Eta, hala, beste hainbat eta hainbat egoera. Pentsatzen jarrita, gure mikromundu feminista seguruetatik ateratzean topatzen ditugu halako amildegiak. Izan ere, mundua alfen eta haien anaientzat dago eraikia; baina, jakina, mundua jada ez dute alfek eta haien anaiek soilik eraikitzen, eta horregatik ikusi ditugu guztiontzako bizigarriagoak ziren espazioak ere. Hainbaten lanari esker, espazio horizontalagoak sortzeko esfortzuak, elkar zaintzeko guneak, edota Goseren doinuekin lehenengo hilarak ez ezik, karpa ertzak betetzen genituen neska horiek guztiek ere erdialdea gozatzeko apustu bizigarriak.

Ekitaldi politikoa andreon ahotsek eta gorputzek bete zuten, eta ikusi ahal izan dugu agertoki erraldoi hori beldurrik gabe, borroka luzearen ostean hartu eta gero, bertatik salto egin eta beste guztia hartzeko irrika ere. Plazera da azalean geratzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.