maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Hipnosiak

2016ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Neska gazte bat oinez doa etorbide zabaleko espaloitik. Bere munduan bezala doa, behera begira, eta halako batean ia tupust egin du parean zuen zuhaitzarekin. Ingurura begiratu du: ez, ez zion inork hari erreparatzen; eskerrak! Lotsagatik gelditu da istant batez, baina berehala dei egin dio berriro esku arteko gailuaren txio hotsak. Whatsappen ari da, hemendik bost minutura ikusi behar duen lagunari idazten: berandu iritsiko dela, hiru minutu berandu. Eta beherantz begira abiatu da berriro, esku artean duen gailuari solasean.

Familia bazkari bat, eguberri egunean. Hasi da izeba anekdota kontatzen, eta gainontzekoak berari segika, galdezka, eta irribarrez. Istorioaren bukaeran irriz lehertu da familia guzia. Guzia... lehengusina izan ezik: «Zer? Zer gertatu da?». Sakelakoari begira zegoen, lagun batek haren familiako afaritik bidalitako bideoari so: momentua galdu du, beste momentu bat berreskuratu nahiarengatik.

Parrandan zaude zure kuadrillakoekin, eta Mexikon duzun lagunaz gogoratu zara. Hartu duzu mugikorra, eta hasi zara bidaltzen audio bat, ozeanoaren bertze aldera iritsiko dena bost orduko diferentziarekin, baina soilik ordu aldaketagatik. Eta urrun egonen da laguna oraindik, baina ez erabat distante, ez erabat Erasmusaren munduan murgilduta. Zuk, bitartean, begi keinu batez baino ez duzu agurtuko aspaldi ikusi ez eta kalean gurutzatu duzun herriko bizilaguna.

Garai batean lotsa iturri omen zen kalean oinez zindoazela telefonotik ahoz gora solas egitea. Orain, aldiz, egunerokoak bilakatu dira halako momentuak, hipnosiak. Konektatuago bizi garen irudipenez, deskonektarazten gaituztenak maiz. Eta hizketarako gai ere bihurtu da azkenean: BERRIAk argitaratu berri duen Nomofobikak —No mobile phobia esalditik osatua omen— websaila ikusi besterik ez —telesaila esan behar nuen—. Esajeratua iruditu arren, badu egiatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.