Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Armak

2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Inoiz izan den arma suntsitzailerik eraginkorrena dela esan dute. Argazkia ikusita ez nuen pentsatuko. Telefono bat da. Gurean ere egon zen antzerako bat, aspaldi. Gorri ikusten da sareko argazkietan, baina esan dutenez, egin zutenean beltza zen. Esaten zigun amamak denetariko jendea dagoela munduan, baina gehiago ere esango zukeen telefonoaren truke 229.000 euro ordaindu dituztela jakin izan balu. Zer eta, orain apaingarritzat baino balio ez duen telefono baten truke etxe bat erosteko adina diru! Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean Adolf Hitlerren bunkerrean aurkitutako telefonoa da, antza. Gu ez ginen han izan, baina sinesteko moduko istorioa da: führer-aren izena eta nazien ikurra ditu margotuak. Ez dakit urte hauetan guztietan nork gordeko zuen halakorik etxean, baina beti dago baten bat gauzek etorkizunean izan dezaketen balioa ikusteko gai dena, eta Ameriketako Estatu Batuetako enkante batean saldu berri dute telefono hori.

Pentsatzen hasi naiz nola izan daitekeen telefono gorri bat inoiz izan den armarik eraginkorrena. Ez dut besteok aterako ez duzuen ondoriorik atera: Hitlerrek bertatik eman omen zituen aginduengatik esango zuten. Eta etorri zaizkit burura Bigarren Mundu Gerrako irudiak: bonba atomikoak, kontzentrazio eremuak, hiri suntsituak... eta konturatu naiz Churchill edo Roosvelt edo Hitler bera ez direla argazkietan armatuta agertzen. Ez behintzat fronteko lehen lerroan hauts eta ke artean. Eta berriro ere ulertu dut gerretan elkar ezagutzen ez duen jende mordo batek hiltzen duela elkar, elkar ondo ezagutu arren elkar hiltzen ez duten zenbait buruzagiren mesedetan. Eta ziur nago orain ere egongo dela telefonoren bat arma kimikoek adina eremu geografiko erre duena. Eta bitartean, elkar ondo ezagutzen duten zenbait agintariren interesen ondorioetatik ihesi, jendea hiltzen ari da Europarako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.